Argitalpen edukien laburpena
«Hartu parte kontsultan» ekimena aurkeztu zuen Lokarrik -akordio eta kontsultaren aldeko herritar-sarea- urtarrilean. Ekimenaren helburu nagusia zen herri-kontsultari buruzko partaidetza-, eztabaida- eta hausnarketa-gune bat sortzea, betiere normalizazio politikorako prozesua desblokeatzeko asmoz. Kontsulta-deialdiarekin, herritarren borondatea bihurtuko da protagonista; hori dela eta, komeni da argizea hari buruzko zalantzak eta iritzi publikoa prestatuz joatea kontsulta-egunerako.
Herri-kontsultaren deialdiarekin lotutako zenbait agiriren argitalpena du oinarri ekimenak. Martxoan plazaratu genuen lehena -«Komenigarria ote herri-kontsulta egitea»-, non jaso genituen «Hartu parte kontsultan» galde-sortako emaitzak eta ondorioak, gure egoera politikoa ederki ezagutzen duten bi adituren iritziak eta gai honi buruz Lokarrik ateratako ondorioak. Ekainean argitaratu genuen bigarrena (www.lokarri.org web orrian irakurri, edo 902 42 10 10 telefonora deitu eta eskatu), non aztertu genuen Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako herri-kontsultaren eta horren antzekoen legezkotasun-maila. Horrez gain, aztertu genuen zer dioten Espainiako Konstituzioak eta Gernika, Andaluzia eta Kataluniako estatutuek erreferendumen eta kontsulten arautzeaz, eta Suitza, AEB eta Austriako adibideak ikusi. Argitalpen horretan, ondorio hau plazaratu zuen Lokarrik: legezkoa da kontsulta deitzea. Horrenbestez, lege orokor bat proposatu zuen Lokarrik herri-kontsulten deialdiak arautzeko.
Hirugarren argitalpen honetan -«Hartu parte kontsultan» serieko azkena-, kontsultan parte hartzeko eta hari buruzko informazioa emateko proposamen bat ageri zaigu. Heldutasun demokratikoaren adibidetzat du kontsulta argitalpenak, eta zergatik den integratzailea azaltzen du.
Argitalpenaren bigarren zatian, gai zehatzagoei ekiten die argitalpenak, eta proposamen bat egiten die EAEko gobernu, legebiltzar eta alderdi politikoei kontsultaren edukiei buruzko informazioa hedatu eta herritarren partaidetza sustatzeko. Hiru jardunbide proposatzen ditugu: 1) zuzeneko informazioa, 2) eztabaida eta partaidetza, eta 3) segimendua eta ebaluazioa.
Prentsaurreko bidez aurkeztu genuen proposamen hori, ekainaren 20an; azken argitalpen hau, berriz, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuraren aurretik idatzia da, Eusko jaurlaritzak bultzatzen duen herri-kontsultaren gaineko lege-proposamena eztabaidatu eta bozkatzeko bilkura aurrekoa alegia. Aukera guztiak zabalik daude: gerta daiteke Legebiltzarrak ez onartzea proposamena; gerta daiteke Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa aurkeztu eta kontsulta-deialdia baliogabetzea... Egoera hipotetiko horietako edozeinetan erabiltzeko proposamena duzue Lokarrik aurkezten duen hau: informazio- eta partaidetza-ariketa da, beharrezko tresna indarkeriarik eza, elkarrizketa, akordioa eta herri-kontsultaren alde egiteko, horiek baitira bakearen eta normalizazio politikoaren bidean aurrera egiteko printzipioak.
Jaitsi argitalpen osoa PDF-n
Argitalpen honi buruz zure iritzia eman nahi baduzu, jarraian hainbat galdera proposatzen dizkizugu. info@lokarri.org helbidera idatziz erantzun ditzakezu.
Oro har, zer deritzozu argitalpen honen edukiei buruz?
Uste al duzu euskal gizartea nahiko heldua dela erreferendumetan eta kontsultetan parte-hartzeko? Zergatik?
Zure ustez, herri-kontsulta bat egiteak gizartea bereizten du? Zergatik?
Zer beste ekimen bururatzen zaizkizu kontsultaz informatzeko eta partaidetza bultzatzeko?