Argitalpenaren edukien laburpena
Joan den urtarrilean Lokarri kontsultaren eta akordioaren aldeko herritarren sareak "kontsultan parte hartu" izeneko egitasmoa aurkeztu zuen. Egitasmo honen xede nagusia zen normalizazio politikorantz prozesu bat desblokeatu nahi duen kontsulta baten propoamenaren inguruan parte-hartzerako, eztabaidarako eta hausnarketarako esparru bat eskaintzea. Galdeketa baten haritik herritarren borondateak hartuko duen garrantzia dela-eta, honek halako proposamen batek eragiten dituen zalantzak argitzea eskatzen du eta, aldi berean, kontsulta gauzatuko den egunari begira herritarrak emango duen botoan isla izango duen heziketa erraztuko duena.
Egitasmo honen oinarrian herri-kontsultaren deialdiarekin lotura duten hainbat kuestioren inguruan argitaraturiko argitalpenak daude. Argitalpen hauetako lehendabizikoa joan zen martxoan argitaratu zen, "Komenigarria al da herri-galdeketa deitzea?" izenburupean. Lan honek "Kontsultan parte hartu" egitasmoaren galdetegiari emaniriko erantzunak, gure errealitate politikoa ongi ezagutzen duten adituen iritziak eta kuestio honen arrimora Lokarrik dituen ondorioak biltzen zituen.
Bigarren argitalpenak Eusko Legebiltzarrak herri-kontsulta egiteko aurkeztu duen deialdiaren legezkotasuna hartzen du aintzat. Argitalpen honen helburua ez da galdeketa deialdirako Lege proposamena egun indarrean dagoen araudiarekin bat datorren ala ez aztertzea, eztabaida honek herritarren gehiengoaren ulermen eta ezagutza ahalmenetik at egingo bailuke. Argitalpen honen helburua galdera hau argitzeko norabidean lagun dezaketen hainbat xehetasun didaktiko ematea da.
Argitalpenaren hasieran erreferendum loteslea, erreferendum ez loteslea eta galdeketa definitzen dira. Hemendik abiatuta, egungo araudi juridikoan erreferendumak eta galdeketak nolatan arautzen diren azaltzen da modu laburtu batean. Bertan, oso modu berezian azpimarratzen da Gernika Estatutuaren 9.2. artikulua. Artikulu honek dio erakundeen betebeharra dela politikan herritarren parte hartzea erraztea.
Argitalpenak halaber tarte bat eskaintzen dio gure inguru hurbilenean galdeketak nolatan arautzen direneko aferari. Bai berriki onartu den Andaluziako Estatutuak bai Catalunyakoak ere herri-galdeketei aipamena egiten diete. Adibiderako, Andaluziako Estatutuak Udalei eta Andaluziako Batzarrari eskumena ematen die herri-galdeketak deitzeko. Kataluniakoak, bere aldetik, herri-galdeketen deialdiak sustatzeko eskumena onartzen die Udalei eta Generalitatari.
Eduki hauetaz landara, afera honetan aditua den baten ekarpena inguratzen du argitalpenak. Herri-kontsulta bat deitzeko unean araudi juridikoak zer-nolako aukerak ematen dituen aztertu eta aditu honek bere iritzia ematen du. Azkenik, Lokarrik bere ondorioak aurkeztu eta proposamen bat egiten du Eusko Legebiltzarrak herri-kontsulten deialdirako Lege bat onar dezan.
Sail honen hirugarren argitalpenak ekainean ikusiko du argia. Lokarrirentzat ezinbestekoa da herri-kontsulta baten deialdia eta bere gauzatzea lagunduta egotea herritarren parte-hartzea eta kontsultan egingo diren galderen kontura herritarren eztabaida sustatuko dituzten ekimenekin. Galdeketa egingo den egunean bozka ematea bezain garrantzitsua da herritarren hausnarketa erraztea, soilik modu honetan jakitun izango baikara zein tamainakoa den gure erantzukizuna, bakea eta elkarbizitzaren normalizazioa bezalako afera garrantzitsuetan herritarron borondatea agertzeko dugun ahalmena zenbateraino den erronkazkoa. Hortaz, Lokarri proposamen bat lantzen ari da. Proposamen honek galdeketa egin aurretiko herritarren parte-hartzea errazteko egitasmo bat garatuko du.
Jaitsi argitalpen osoa PDF-n
Argitalpen honi buruz zure iritzia eman nahi baduzu, jarraian hainbat galdera proposatzen dizkizugu. info@lokarri.org helbidera idatziz erantzun ditzakezu.
1.Oro har, zer deritzozu argitalpen honen edukiei buruz?
2.Argitalpen honen edukiak irakurri eta gero, uste duzu kontsulta legearekin bat datorrela edo legetik kanpo dagoela? Zergatik?
3.Uste duzu beharrezkoa dela herri-kontsultak onartzeko lege bat? Zer iritzi duzu proposamenari buruz?