Aurkezpena
Eginkizuna
Oinarriak
Deskribapena
Antolakuntza eredua
Antolakuntza irizpideak
Gehigarria: 2006ko lehentasunak
Aurkezpena
1992ko abenduaren 20an sortu zen Elkarri. Sortzaileen batzarrak egun hartan bertan onartutako sorrera txostenak zioen Elkarriren helburua zela “elkarrizketaren eta akordioaren aldeko iritzi isila –gure gizartearen gehiengoarena– iritzi sozial erabakigarri bihurtzea Euskal Herria bakearen eta normalizazioaren bidean jartzeko”. Helburu hori betetzen saiatu da Elkarri 13urteotan, bost adarreko proposamenarekin: indarkeriarik eza, elkarrizketa, alderdien mahaia, akordioa eta herri kontsulta. 2006aren hasieran, euskal gizartearen gehiengoak, baita alderdi eta erakunde gehienek ere, onartua zuen proposamen hori. Honenbestez, bete du Elkarrik bere eginkizunaren funtsa.
Aldaketa soziopolitiko nabarmena izan zen 2003-2005 epean ‘euskal auzian’. 2003a arte, elkarrizketari ez zitzaion aukerarik ematen; 2005etik aurrera, elkarrizketa beste biderik ez dago. Hainbat jazoera politiko eta hauteskundeen emaitzak lagungarri izan ditu aldaketa horrek, baina, batez ere, gure gizartearen bilakaerak eragin du. XXI. mendearen hasieran, anakronismotzat dauzka gure gizarteak indarkeria, bazterketa eta etengabeko errieta politikoa, bere bizi lehentasunekin bat ez datozen jokabidetzat. Ziklo aldaketa sakona da oraingo hau. Orain arte, ‘elkarrizketa edo gatazka’ beste aukerarik ez zegoen; hemendik aurrera, ‘elkarrizketa edo gainbehera’. Bake prozesu baten atarian gaude, edo, horrek aurrera egiten ez badu, gatazkaren deskonposizio prozesuaren bezperan. Horra zer aukera ditugun.
Bi erabaki hartu zituen Elkarriren VIII. Batzar Nagusiak 2005eko abenduaren 17an: lehenengoa, amaitutzat ematea –2006ko martxotik aurrera– gure gizarte mugimenduaren jarduna, betea baitu bere eginkizuna, Elkarriren sorrera eragin zuen xedea. Gainera, garbia eta gardena da gure jardueraren balantzea, eta egoera politikoaren aldaketak berretsi du. Bigarren erabakia, hau zen: erakunde sozial berri baten sorrera bultzatzea. Egoera politiko eta desafio berriei egokitu beharra dauka erakunde horrek, bakearen aldeko ahaleginak aurrera jarraitu behar baitu, Elkarriren eginkizuna betea egon arren. Bake prozesua prestatzen lagundu du Elkarrik; erakunde berria, berriz, prozesua garatzen saiatuko da.
Erabaki bikoitz horrekin, garbi adierazten ditugu gure lehentasunak: elkarrizketa, egoera ez hondatzeko; bake prozesua, gatazka bere horretan ez usteltzeko. Aukera historiko baten aurrean gaude: indarkeriaren eta gatazkaren orria modu zibilizatu eta konstruktiboan pasa dezakegu. Gizarte zibileko partaide garen aldetik, ezin dugu aukera pasatzen utzi. Horrexegatik, hain justu ere, sortuko da Lokarri, Bilbon, 2006ko martxoaren 18an. Ekimen sozial berria da Lokarri, eta, beretzat hartuta Elkarriren dohain onenak (haren esperientzia eta giza kapitala), helburu berriak lortzeko jende eta esperientzia gehiago bildu nahi ditu.
Eginkizuna
Hamahiru urteko bere ibilbidean, Elkarriren eginkizun nagusia hau izan da: indarkeriarik eza bultzatzea, eta, horrekin batera, giza eskubideak, inor baztertzen ez duen elkarrizketa, aniztasuna, alderdien arteko mahaia eta printzipio demokratikoak. Eskakizun horien gaineko bermerik ez dago oraindik, baina politikoki eta sozialki gauzatutzat jo daitezke jada, bake prozesuaren ondare finkotzat. Gizartearen gehiengoak indarkeriarik ezaren, elkarrizketaren eta alderdien mahaiaren alde erakutsi duen borondateak eragin du, hain zuzen, gaur egungo egoera, adiskidetzearen atarikoa alegia. Hori oinarri hartuta, alde guztien adiskidetzea eta berradiskidetzea dira orain gure gizartearen lehentasunak.
- Adiskidetzeari dagokionez, akordio zabala eta plurala behar du, gizarteak herri kontsultaren bidez berresteko modukoa. "Adiskidetze desiragarria" deituko genioke horri. Gatazka suntsitzaileko hainbeste urte ondoren "nahitaezko adiskidetzea", berriz, honako hau litzateke: gizarteak berak, zuzen-zuzenean, esku hartu beharra gertatzea, alderdi politikoen artean desadostasun mugagabearen aurrean edo prozesua etengabe hondatzen ari delako.
- Berradiskidetzeak adiskidetzea eskatzen du, baita iraganaren azterketa kritikoa egitea, biktima guztiei dagokien ordaina ematea eta desberdintasunak onartzea ere. Horren guztiaren beharra dugu normalizazio politikoa erdiesteko eta gizalegezko bizikidetasuna izateko.
Adiskidetzeak eta berradiskidetzeak oinarrizko baldintza bete behar dute: sozial eta politikoki guztiak aintzat hartzea. Atzera begiratzen baldin badugu esan dezakegu Elkarrik, elkarrizketaren bidez, edukiz hornitu zuela bakearen borroka. Lokarrik aldeak elkartzeko balio behar du, bazterketarik gabe eta garaile eta garaiturik gabe, konponbide prozesuan. Lokarriren eginkizuna beraz aldeak elkartzeko balio duena izatea da, zehazki, akordioaren, herri kontsultaren eta berradiskidetzearen proposamena batasun eta integrazio sozial eta politiko faktore bihurtu.
Eginkizun hau bere ezarpena bi modu desberdinetan zehaztuko luketen bi egoera hipotetiko hauekin aurki daiteke:
- Hipotesi positiboa: bake prozesuak aurrera egiten badu, Lokarriren eginkizun nagusia da akordio anitzaren, herri kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko gizartearen gehiengoaren nahia modu integratzaile batean bideratzea.
- Hipotesi negatiboa: egoerak txarrera egiten badu, Lokarriren eginkizuna da konponbide prozesu bat hondatzen ez uztea. Horretarako, krisia gainditzeko proposamen integratzailea egin behar diogu gizarteari. Zuzenekoa, berariazkoa, demokratikoa eta erabakigarria izan behar du proposamenak.
Erakunde berriaren izenari dagokionez, garbi dago esanahia: aldeak elkartzeko eragin behar dugu. Akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko gizartearen gehiengoaren nahia islatu nahi duen konpromiso horri lotuta datoz gure eginkizuna, proiektua eta herritarren sare honen izena. Hiru hilean behin, mobilizazio berezi bat deituko du Lokarrik, gizarteari mezu hori erabaki politikoen eszenatokian present egotea ez uzteko.
OinarriakPrintzipioak
Erakunde sozial, independente eta plurala da Lokarri, bakearen eta Euskal Herriko bizikidetasunaren normalizazioaren alde diharduena. Hasiera hasieratik hartzen dituen hiru konpromiso hauekin bat datoz Lokarriren printzipioak:
Indarkeriarik eza, bizitza eta giza eskubideak dira irizpide etiko nagusi eta eztabaidaezinak. Inongo helburuk ez du justifikatzen giza duintasunaren aurkako bitartekorik erabiltzea. Inongo salbuespenik gabe errespetatu behar dira oinarrizko eskubide eta askatasunak, bai norberarenak bai kolektiboak.
Inor baztertzen ez duen elkarrizketa eta aniztasuna dira bizikidetasunaren oinarri. Etengabeko elkarrizketa eta integrazio ahalegina eskatzen ditu gure gizartearen aniztasunak. Bizikidetasunerako funtsezko printzipio dira aldebakartasunik eza, akordioa eta itunak egitea.
Herriaren nahia eta printzipio demokratikoak aintzat hartzea da politikagintzaren oinarrizko araua. Inoren betorik eta inposiziorik gabe erabakitzeko gaitasuna eta borondatea baditu gure gizarteak, bide demokratikoak bakarrik erabiliz betiere. Borondate hori aintzat hartu behar dute politikariek, eta lege arauetara bideratu.
Lehentasuna eta helburuak
Lokarriren helburu nagusia da akordio plurala eta herri kontsulta bultzatzea, horiek baitira gure gizarteak eskatzen eta behar duen adiskidetzearen ardatzak. Lehen helburu horrekin bat egiten dute beste hiru hauek ere:
- berradiskidetzea prestatzen laguntzea, diskurtso eta proposamen integratzaileak defendatuz,
- bake prozesuan herritarren partaidetza sustatzea eta erraztea,
- eta orain arte lortutakoari eustea: indarkeriarik eza eta elkarrizketa dira adiskidetzearen atariko baldintzak.
Eginkizunak
Erakunde soziala den aldetik, lau eginkizun hartzen ditu bere gain Lokarrik:
- lehenbizikoa, proposamenak aztertzea eta egitea. Horretarako, zorrotz aztertu behar da, une oro, bake prozesuaren egoera eta, gero, iradokizunak eta alternatibak aurkeztu;
- bigarrena, informazioa eta iritzia ematea. Horretarako, daukan informazioa gainerako eragileei helarazi behar die, eta jendaurrean azaldu bere iritziak;
- hirugarrena, eskariak aldarrikatzea eta behar diren salaketak egitea. Horretarako, etengabe plazaratu behar ditu bere eskari nagusiak, eta salatu egin behar ditu gerta daitezkeen giza eskubideen urratzeak edo prozesuaren atzerako pausoak;
- azkenik, behar diren ekimenak eta mobilizazioak bultzatzea. Horretarako, ekintza zorrotzak eta kanpaina ausartak bultzatu behar dira.
Deskribapena Batzar Nagusietan finkatzen du Lokarrik bere jarduera orokorra, Koordinazio Batzordearen bidez koordinatzen ditu erabakiak eta elkarren osagarri diren hiru egitura hauen bidez eraikitzen du bere jarduera: bake eta adiskidetze prozesuaren behatoki soziala, elkarrizketari laguntzeko kanpoko sarea eta, azkenik, akordioaren eta herri kontsultaren aldeko herritarren sarea.
Bake eta adiskidetze prozesuaren behatoki soziala Hainbat joeratako zenbait jende ezagunek azterketa eta ikerketa batzorde bat osatuko du, Lokarrik hala eskatuta. Bake eta adiskidetze prozesuaren Behatoki Soziala deituko da batzordea, eta hauxe izango du eginkizuna: bake prozesuaren egoeraz eta bilakaeraz txostena egitea –iradokizun eta gomendioekin– hiru hilean behin. Bost adierazle hauek izan behar ditu kontuan Batzordeak txostena egiteko: indarkeriarik eza eta giza eskubideak, elkarrizketa eta inor ez baztertzea, akordioa eta aniztasuna, herritarren partaidetza eta herri borondatea aintzat hartzea, eta, azkenik, berradiskidetzea eta bake kultura. Jendaurrean erakutsiko da txostena, eta ahalik eta gehiena zabalduko du Lokarrik, gizartean zein politikarien artean, Euskal Herrian zein hemendik kanpo.
Elkarrizketaren aldeko kanpoko sarea Elkarrizketaren aldeko sare bat du Lokarrik Euskal Herritik kanpo. Azken 13 urteotan Elkarrirekin harremanik izan duten 30.00o lagunek –estatu espainiarrekoak nahiz nazioartekoak– osatzen dute sarea. Lokarriren asmoa da sareari eutsi eta zabaltzea, hiru helburu nagusi hauekin: bake prozesuaren berri ematea; iritziak, iradokizunak eta proposamenak jasotzea, eta laguntza edo lankidetza ekimenak bultzatzea bake prozesua, elkarrizketa eta akordioa babesteko, horien premiarik badagoela deritzogunean. Behatokiak hiru hilean behin egiten duen txostena beti bidaliko zaio kanpoko sareari.
Akordioaren eta herri kontsultaren aldeko herritarren sarea Elkarri erakundearen partaidetza komunitateko 150.000 lagun eta elkarteak dira Sare honen euskarria. Guztiak daude gonbidatuta ekimen berri honetan parte hartzera. Sarea handitzeko asmoa du Lokarrik, jende eta talde gehiago biltzekoa, gero eta eraginkorragoa eta biziagoa bihurtzekoa. Nahi duen guztiak har dezake parte Sarean, eta hainbat bide izango ditu jendeak hor jarduteko, norberari hobekien dagokiona hautatzeko. Sareko partaide guztiek izango dute elkarrekin eta Lokarrirekin –zuzenean– harremanetan jarduteko aukera, Internet bidez batez ere. Telefono edo posta bidezkoak ere izan daitezke harreman horiek, edo zuzenekoak (batzarrak, foroak...). Sarearen eginkizun nagusiak hauek dira: partaideak informatuta edukitzea eta elkarrekin harremanetan jartzea, eta partaidetza hori mobilizatu eta sustatzea. Bake eta adiskidetze prozesuaren Behatoki Sozialaren txostena jasoko dute Sare horretako partaideek, eta Lokarrik hiru hilean behin deituko dituen mobilizazioetarako gonbita ere bidaliko zaie.
Antolakuntza eredua Egungo bizimodu, harreman eta komunikazio ohitura, antolatzeko era eta aktibismo sozialera egokitu nahi du Lokarrik bere antolakuntza sistema. Aldakorrak dira egungo harreman eta komunikazio erak, bat-batekoak, eta, askotan, sare gisara funtzionatzen dute. Horregatik, ugaria izan behar du partaidetza edo lankidetza eskaintzak, batetik; bestetik, bereizi egin behar dira partaidetza lanak eta kudeaketa edo erabakitze organoenak.
Lau eratako partaidetza eskaintzen du Lokarrik:
- Lagunak. Lokarriren lagunak. Akordioaren eta herri kontsultaren aldeko herritarren sarean diharduten guztiak dira Lagunak, baita elkarrizketaren aldeko Kanpoko sarekoak ere. Informazioa jasotzen dute, zuzeneko bideak dituzte bere iritziak guri helarazteko, eta, nahi izanez gero, nahi duten erara lagun diezaiokete Lokarriri. Klikatu hemen lokarriren laguna izateko
- Erkideak. Lokarriren laguntzaileak. Lokarriren funtzionamendu, kanpaina edo ekimenetan laguntzeko prest daudenak dira Erkideak. Eurek erabakitzen dute zer laguntza eta zer mailatakoa eman. Horretarako, galdetegi bati erantzun behar diote, eta hainbat aukeraren artetik bat hautatu. Hiru hilean behin herrialdeka egiten diren batzarretara deitzen zaie, baita Batzar Nagusietara ere, eta erabakitzeko ahalmena dute. Klikatu hemen lokarriren laguntzailea izateko
- Foroak. Lokarriren foroak. Lokarriren laguntzaileek eurek antolatzen dituzten erakundeak dira. Tokian tokikoak izan daitezke Foroak, edo gaikakoak, sektorekakoak edo aldarrikapenen araberakoak. Laguntzaileen eskubide/betebehar berak dituzte Sarean, eta arduradun baten bidez jartzen dira harremanetan Koordinazio Batzordearekin. Hiru hilean behin egiten diren herrialdeko batzarretarako deitzen zaie Foroetako kideei, baita Batzar Nagusira ere. Erabakitzeko ahalmena dute. Klikatu hemen lokarriren foro baten kidea izateko
- Bazkideak. Lokarriko bazkideak. Lokarriko bazkideek hileko kuota ordaintzen dute proiektua finantzatzeko. Bazkide izateaz gain, Lokarriren lagun, laguntzaile edo Foroetako kide ere izan daitezke aldi berean. Informazioa jasotzen dute hainbatean behin, baita Elkarri aldizkaria eta erakundearen gainerako argitalpen guztiak ere. Lokarriren batzar eta ekitaldi guztietan har dezakete parte. Klikatu hemen bazkidea izateko
Erabaki eta antolakuntza erakundeak, berriz, hiru hauek dira:
- Batzar Nagusia. Hau da gure erabaki erakunderik gorena. Bi urtean behin elkartzen da Ohiko Batzar Nagusia; ohiz kanpokoa, berriz, Koordinazio Batzordeak, Herrialde Batzarrek edo laguntzaileek hala erabakitzen dutenean. Batzar Nagusiak onartzen ditu balantzeak eta jarduera ildo nagusiak. Lokarriren sorrerako oinarrietan aldaketaren bat egiteko, Batzar horren gehiengo absolutuaren onespena behar du.
- Herrialde Batzarra. Erakunde horrek garatzen ditu Batzar Nagusiaren erabakiak, baita hiru hilean behingo jarduera planak eta urteroko aurrekontuak onartzen ere, Koordinazio Batzordearen proposamenak direla medio betiere. Hiru hilean behin egiten da ohiko batzarra; ohiz kanpokoa, berriz, Koordinazio Batzordeak edo laguntzaileek hala erabakitzen dutenean.
- Koordinazio Batzordea. Batzorde hori da organo eragile iraunkorra. Batzar Nagusiaren erabakiak garatu eta jarduera plan zehatz bihurtzen ditu. Herrialde Batzarren onespena behar du plan horiek gauzatu eta kudeatzeko. Koordinazio talde txiki eta eraginkorra osatu behar du, eguneroko jardunean kudeaketa lana egiteko eta erabakiak hartzeko. Hamabostean behin egiten du ohiko bilera, eta behar den guztietan ohiz kanpokoa.
Antolakuntza irizpideak Bi ardatz nagusi ditu Lokarriren proiektuak, eta horiek gabe ez luke zentzurik izango: batetik, erabakitzeko erabateko autonomia eta bere jarrerak finkatzeko iritzi independentzia; bestetik, herritarren sarearen aniztasuna, ekimenen zeharkakotasunarekin batera. Horiek oinarri dituela, lau irizpide hauek ditu gidari Lokarriren jarduerak: lehentasuna eta osagarritasuna, autoeraketa eta sareko funtzionamendua, diskurtso propioa eta komunikazio autonomia, eta, azkenik, zorroztasun eta autonomia finantzarioa.
- Lehentasuna eta osagarritasuna. Akordio plurala eta herri kontsulta aldarrikatzea da lehentasuna, baita txosten honetan finkatutako printzipioak ere. Kosta ahala kosta eutsi behar die Lokarrik printzipio horiei, eta horretan saiatuko da. Lehentasun horrekin batera, ekimen soziala eta politikoa elkarrekin uztartzea du helburu Lokarrik, eta elkarrekiko orekan egitea tokiko jarduerak eta orokorrak.
- Autoeraketa eta sareko funtzionamendua. Eraketari dagokionez, orain arteko antolakuntza sozialeko sistemak eta gaur egungoetarik egokienak uztartzea da Lokarriren asmoa, hau da, autoeraketa asanblearioa eta egungo sareko partaidetza eta komunikazio formulak elkarrekin lotzea. Teknologia berriak eta Internet izango ditu ardatz nagusi Lokarrik zeregin horretan.
- Diskurtso propioa eta komunikazio autonomia. Ideiak, pentsamenduak, salaketak eta proposamenak sortzeko eta eztabaidatzeko gunea da Lokarri. Horrenbestez, diskurtso propioa izan behar dugu bakea ekartzen laguntzeko, gizartearen gehiengoaren nahia erreferentzia dugula betiere. Diskurtsoaz gain, hura zabaltzeko komunikazio bide propioak ere baditu Lokarrik: Elkarri aldizkaria, gure web orria, aldizkari elektronikoak, SMS mezuak, argitalpen monografikoak, kanpainak, agiriak, prentsaurrekoak, ekitaldi publikoak... Komunikazio bide horiek guztiak erabiliko ditu Lokarrik.
- Zorroztasun eta autonomia finantzarioa. Zorroztasuna eta soiltasuna izango ditu irizpide nagusi Lokarrik gastuei dagokienez, baita funtzionatzeko modu propioa ere. Zorroztasuna izan behar du lagun gure erakundearen sormenak; alegia, baliabide gutxirekin gauza asko egiteko gai izan behar dugu. Gastatzeko zorroztasunarekin batera, diru sarrerak izateko irizpide bat ere behar dugu: autofinantziazioa. Geure baliabide ekonomikoez baliatu behar dugu batez ere, hori baita gure independentzia bermatzeko ezinbesteko bidea. Bazkideak dira, horrenbestez, gure proiektu bideragarritasunaren eta Lokarriren autofinantziazioaren bermatzaile nagusiak, erakundearen euskarria.
Gehigarria: 2006ko lehentasunak Urte erabakigarria izango du Lokarrik 2006a: bake prozesua sendotzeko urtea izan daiteke, edo gatazka usteltzen eta hondatzen hastekoa. Bestalde, 2006an zabaldu eta tinkotu behar ditu Lokarrik bere mezua eta proiektua. Testuinguru horretan, bada, hiru hauek dira 2006rako lehentasunak:
- Akordio plurala eta herri kontsulta bultzatzea. Unean uneko premiak eta bake prozesuaren bilakaera ditu lehentasun nagusi, politikari dagokionez. Etengabeko lana egingo du Lokarrik 2006an indarkeriarik eza, elkarrizketa eta alderdien arteko mahaia aldarrikatzeko, horiek baitira adiskidetzearen atariko baldintzak. Horrekin batera, akordio plurala eta herri kontsulta aldarrikatzea izango dugu lehentasuna.
- Antolakuntza aldetik proiektua sendotzea. Barne antolakuntzari dagokionez, lehentasuna da Lokarriren hiru egiturak sendotzea: bake eta adiskidetze prozesuaren Behatoki Soziala, elkarrizketaren aldeko Kanpoko Sarea, eta akordioaren eta herri kontsultaren aldeko Herritar Sarea. Bereziki sendotu behar dira sare horien arteko komunikazioa eta harremana, baita horietako partaide egiteko bideak ere. Lokarriren parte hartzeko bideak eta kudeaketa eta erabaki organoak ere finkatu behar dira.
- Aurkeztu, hedatu eta haztea. Kanpora begira, berriz, Lokarriren proiektua jendaurrera azaltzea da lehentasuna, gure herriko bazter guztietara helaraztea, proiektuan parte hartzera gonbidatzea jendea, ateak zabaltzea, herritar eta erakunde gehiago biltzea gure helburuen alde: bakea, normalizazio politikoa eta euskal gizartearen berradiskidetzea.