Lokarri


Akordio bat lortu eta herri-kontsulta deitzea dira lehentasunak

Behin Hauteskunde Orokorrak igarota, hiruhileko giltzarria dugu aurrez aurre zehaztu ahal izateko "biolentziari ez-elkarrizketa-kontsulta" konponbiderako ereduak gaitasun erabakigarria ote duen bake eta normalizazio politikorako prozesu berri bat irekitzeko. Urte bat darama Lokarrik lanean egoera desblokeatzeko ahalmena duen kontsulta baten alde eta, baldin eta eusten bazaio Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako "ibilbide orrian" jasotako egutegiari, ekainean Eusko Legebiltzarra kontsulta bat deitzeko baimena bozkatzen ariko da.
 

2007ko abenduan Lokarrik egindako Batzarretan honako lehentasuna finkatu zen: data horretara aurretik akordio bat lortuta iristea. Lokarrik ideia hau laburtuta agertu zuen "Kontsultarako akordio bat" leloan. Datozen hilabete hauetan bizia izan beharko du elkarrizketak, bai eta gizartearen eskaerak ere erakundeak eta alderdi politikoak sustatu eta mugiarazteko elkarrizketa baten alde lan egin dezaten, guztiak kontuan hartuko dituen askoren arteko akordio bat lortzeko elkarrizketaren alde. Gainera, kontsulta baten aldeko gizartearen eskaera gogoz gauzatu beharko da, akordiorik ez bada ere, akordio bat lortzeko helburua betorako eskubide bihur ez dadin.

Hiruhileko honek ere berarekin batera ekarriko du ETAren jarrera eta nahia argitzea. Izan ere, ETAk hautatu egin beharko du bi aukera hauen artean: egoera desblokeatzeko saiakera hori biolentziarekin eta sufrimenduarekin lausotu edo bake-prozesu bat ahalbidetuko duen biolentziarik gabeko baldintzak berriz ere mahaiganeratu. Ildo honetatik, Lokarrik argi eta garbi helarazi nahi dio ETAri bere biolentzia jarduerak ez duela eragotziko herritarrek pausoak ematea bizikidetza hobetzeko. ETA tematu egiten bada biolentziari heltzearekin, gizartearen eta ETAren beraren artean ezin gaindituzko urruntzea gerta daiteke.

Azkenik, herri-kontsulta bat deitzeko proposamena gainditu beharko duten benetako proba izango dira datozen hilabete hauek. Hots, beharrezkoa izango da ilusioa, itxaropena eta gizartearen partaidetza bultzatzea kontsulta gauza dadin.

 
Bakearen alde bozkatu nahi dugu

Itxaropen handienaz jardun behar dugu lanean. Herri-kontsulta batean berretsia izango den akordio bat lortzea da konponbidea aurkitzeko aukerarik hoberena. Posible balitz, hobe litzateke herri-kontsulta deitu behar ez izatea egoera desblokeatzeko. Horregatik, akordio, adostasun eta ulermenerako ahalegin eraikitzaile bat nahi da: 1) Zapatero Presidentearen eta Ibarretxe Lehendakariaren artean, posible egin dezaten lehendabiziko akordio bat biek ordezkatzen dituzten erakundeetan, 2) alderdi politiko guztien artean, kontsulta batean berretsiko den normalizaziorako akordio bat ahalbidetzeko elkarrizketa prozesu bat abia dezaten eta 3) gizartearen baitan, elkarrizketa, akordio eta kontsulta prozesuan parte-har dezan, bere partaidetza eskainiz prozesu osoa garatu eta amaierara iristeko.

Akordio bat eta herri-kontsulta baten deialdia aldarrikatzea helburu, Lokarrik ekimen berri bat jarri behar du abian "Baduzu e-mail bat: akordio bat lortzea, kontsulta bat deitzea" lelopean.

Ekimen honen bidez helarazi nahi den mezua eskaera argia, irmoa eta eraikitzailea da. Argia, ez delako anbiguoak izateko unea. Bi aurrerapauso zehatz eta esanguratsu emateko gizarteak duen nahia agertu nahi dugu: akordio politiko bat eta herri-kontsulta bat deitzea. Irmoa, begirunetik. Jarrera argia erakutsi nahi dugu bake eta normalizaziorako prozesua desblokeatzeko hain garrantzitsuak izango diren hilabete hauetan. Eraikitzailea, eskatu egiten baita ezberdinen arteko akordioan oinarrituriko konponbide-eredu bat abian jartzea, zeinetan herritarrek izango duten azken hitza beren etorkizunari eta bizikidetzari buruz erabakitzeko.

Horrela, Zapatero Presidenteari, Ibarretxe Lehendakariari, Sanz Lehendakariari eta alderdi politikoei zuzenduriko mezuz bete nahi dugu internet, honakoa eskatuz: batetik, euskal gizartearen bizikidetza hobetzeko akordio politiko bat lortuko duen elkarrizketa prozesu bat abian jartzeko ahaleginik handiena gauzatzea, eta bestetik, herri-kontsulta bat deitzea herritarrek beren nahia adierazteko aukera izan dezaten modu baketsuan eta demokratikoan. Mezu hauen bidez, halaber, agindu bat helarazi nahi diogu ETAri: bazter dezala betiko biolentzia eta errespeta dítzala giza eskubideak bake prozesu berri bat zabaltzeko eta euskal herritarrek aukera eduki dezaten beren nahia modu askean adierazteko herri-kontsulta baten bidez.

Kanpaina honen bidez, euskal gizartearen bake-nahiei erantzunak ematea eskatzen ari gara soilik. Bakearen alde eman nahi dugu boza. Bakearen alde eman nahi dugu boza ETAri esateko amaiera jarri behar diola biolentziari. Bakearen alde eman nahi dugu boza akordio bati baietz esateko. Bakearen alde bozkatu nahi dugu gure bizikidetza hobetzeko. Bakearen alde bozkatu nahi dugu demokraziaren bidean aurrera egiteko. Bakearen alde bozkatu nahi dugu protagonistak izateko. Bakearen alde bozkatu nahi dugu biolentziarik, sufrimendurik, bazterketarik eta bereizketarik gabeko gure etorkizuna eraikitzeko.

2008ko martxoak 15