Euskaldunok AKORDIO HANDI baten beharra daukagu, orain inoiz baino gehiago. Baino desio hau bete baino lehenago badaukagu lan franko egiteko. Izan ere, AKORDIO egunera heltzeko, lehenbizi, ETAk armak betirako utzi behar ditu. Estatuak ere ez du inoiz erabili beharko indarra armatua herri honen nahiak baldintzatzeko edo oztopatzeko. Hemengo borondateek errespetu osoa eskatzen dute eta ezin da zapuztu hiritarron borondatea, edozein eratakoa izanda ere.
Herri honek, modu batera edo bestera asko sufritu du eta egoera mingarri oro gainditzeko beharrezkoa da alde guztietako pertsonen zauriak sendatze bidean jartzea. Horretarako hasi 1936ko gerra zibileko biktimetatik (ia egunero azaltzen dira garai hartako sufrimenduen lekukoak) eta gerora ETAk, GALek, indar errepresiboek edo mendeku politikoagatik kausatu dituzten biktimetaraino heldu behar da. Biktima ororen inventarium modukoa egin beharko litzateke, alde guztiek onartua, salbuespenik gabe, eta zin egin zintzoki, geure baitan bederen, iragana ez dela inoiz itzuliko politika dela eta. Hau bai ederra izango litzatekeela!.
Honela egingo bagenu, dolu jasankorra batetik igaroko ginateke, gorroto guztiak izutuko lirateke eta orduan bai egongo ginatekeela AKORDIO HANDI horretara heltzeko baldintzetan.
Akordioak, bestalde, aurrean daukaguna, hurkoa, onartzea suposatzen du, politikan edonola pentsatzen duela ere eta ez zaiola ezer gertatuko arrazoi ideologikoak direla eta.
Onespen orokor honetara heltzen bagara, guztiok guztiei begietara begiratzeko gai izango gara eta gai izan nazio proiektu libre bat eratzeko, inolako kanpo esku hartzerik gabe.
Hiritar guztiok "korru dantzan" bezala ibili behar genuke, guztiok Euskal Herriari so, norbanako bakoitzak bere kaxara ikusten baitu, bere angelutik, baina guztiok loturik gaude, tarterik gabe, eta modu batera edo bestera Euskal Herria aurrera ateratzea izango da xede.
Honelako egoera batera heltzen bagara, berdintasunean oinarriturik eta kanpo eraginik gabe, euskaldunok gai izango gara, orain arte bezala, mundu globalizatu honi izugarrizko ekarpenak egiteko, eta historian gardenki geratzeko, herri txiki bat izan arren, ekarpen aberatsak egiteko moduzkoak izan garela edozein izanda ere aurreko erronka.