Lokarri

Erramun Osa (Euskara irakaslea): Bakea eraiki

2007-02-27
Argazkia: Argia

Argazkia: Argia

Erramun Osaren iritzia akordioari buruz

Norbaitek etxean bakerik ez duela suma baleza, auzokoaren etxean edo munduko bazterrik azkenean bilatzera animatzen zuen Aresti poetak. Etxean bakea izanez gero, ostera, gerrarik ekar ez zezan eskatzen zion Arestik, halakorik egin ezean, bakea ez ezik etxea ere galduko zituela uste baitzuen munduko bazterretan. Lehenbiziko kasuari jaramon egingo bagenio, hedabideei begirada azkar bat ematea baino ez dago, bakearen usoak hainbat lurraldetan arrotza dela erreparatzeko. Alabaina, badira, gurea baino arazo latzagoak, lazgarriagoak bizi eta elkarrizketaren bidetik gainditzera ere iritsi direnak. 

Bakea nahi duenak bake bideak jorratzen lehena izan behar duela uste osoa dut, ezen, bakerik ustez nahi ez duenari bere horretan segi dezan aukera guzti-guztiak eskaintzen baitzaizkio, konponbide oro ezinezko bihurtuz, ekimen eragingarri oro haren esku utziz, bidenabar. Horiek horrela, badakit jakin giza eskubideen urraketak ez direla alde bakar baten eraginagatik gertatzen soil-soilik. Gerra nahi duenaren borondatea makurtzeko, aldiz, bake bideak erabiltzea baino arma seguruagorik ez dago munduan, nekeak neke, sufrimenduak sufrimendu, askotarikoa den gizartearen adostasuna eta aldekotasuna jorratuz bidenabar.

ETAk ez ezik gure kale bazterretan kale indarkeriaz baliatzen direnek ere bakea eta normalizazioa omen dute amets. Intentzioak gorabehera, ostera, ez dakit haien etxea galtzen ari ez ote diren, aldi berean, den-denon etxekalte gertatuz. Gure artean gertatzen den indarkeria adierazpenek ez dituzte gure gizartearen borondateak bortxatuko, ez eta gure gizarteak haren etorkizuna erabakitzeko modua zein sentimendua bizkortuko, gertatzekotan ere alderantziz. Gizarte honen aldeko direnek, egiatan hala badira, bakea eman dezaten behingoz! Jainkoarren!.

Halaber, zenbait indarkeria adierazpen ezabatuta egin beharreko guztiak eginda daudela norbaitek uste baldin badu, oso oker dagoela iruditzen zait. Askotarikoa den euskal gizartean etorkizunerako bizikidetza egitasmoa eraikitzea, normalizazio politikorako bidea urratzea eginkizun baitago oraindik. Horretarako, ordea, inor bazterrean utzi gabe, askotarikoen arteko elkarrizketa prozesuari ekitea eta adostasun bideak jorratzea ezinbestekoak dira, herri honen gehiengo zabalak erabaki dezakeenari mugarik ezin zaiola jarri den-denek onartuz, betiere.

 

Zure iritzia bidali