Zuen idazkia irakurtzean burura etorri zaidan lehenengo gauza zera izan da: pisu handiko kontzeptu asko biltzen direla lerro gutxitan.
Kontzeptu horien artean, hiru aukeratu nahi izan ditut, euren gainean nire ikuspegia azaltzeko.
Berradiskidetzea. Nire ustez, gure testuinguruan kontzeptu horrek ez du zentzu handirik. Alde batetik, aditzera ematen du, nolabait, gizarte adiskidetuan-edo noizbait bizi izan garela, eta hori nik dakidala ez da sekulan horrela izan.
Beste aldetik, ez dut uste errealista denik planteatzea gaur egungo euskal gizartea egoera ideal horretara iristeko posibilitatea.
Behin pentsalari batek zera esan zion bere lagun katoliko bati: “zuek etsaia maitatu beharra dagoela diozue. Nik, ordea, laguna maitatzen ere nahiko lan izaten dugula pentsatzen dut.”
Gogoeta horretatik abiatuta, bigarren puntura pasako naiz.
Normalizazioa. Gizartea adiskidetzea ezinezkoa ikusten dudanez, nolabaiteko normalizazioa lortzea izango litzateke, nire ikuspuntutik, planteatu beharreko helburu posiblea Euskal Herriarentzat. Beste modu batera esanda: saiatu beharko genuke azken urteotan bizi izandako frakaso kolektiboaren ondorioak, ahalik eta modu eraginkorrenean gainditzen.
Horretarako, puntu batzuei buruzko gutxieneko adostasun batera ailegatu beharko dugu. Ondoren, poliki-poliki, zauri ugari ixten joan beharko da, horretarako umiltasuna, borondatea eta urte askotako lana beharko direlarik.
Modu horretara, akaso, gizarte normalizatu samarra lortuko dugu. Hala ere, berriro esango dut: gurean, inguruko guztietan bezala, gure gatazka nolabait gaindituta ere, hainbat gatazkak, guztiz garrantzitsuak, bere horretan jarraituko dute: ekonomia globalarenak, emakumearen egoerarenak, hezkuntza mailan azaltzen hasiak direnak, akulturazioaren ondorioz datozenak, etab, etab...
Uste dut inportantea dela azken puntu hau azpimarratzea, zeren hemen jende asko tematuta baitago sinestarazten euskaldunon arazo bakarra gure gatazka dela.
Akordioa. Aurreko puntuaren haritik, “akordio” kontzeptua ekarri nahi dut orain. Lehenago, normalizazioaz ari nintzela, esan dut azken urteotako frakaso kolektiboa, ahalik eta modu eraginkorrenean gainditu ahal izateko, aurrena puntu batzuei buruzko gutxieneko adostasun batera ailegatu beharko dela, eta adostasun minimo horri, azken emaitza horri deituko nioke, hain zuzen, akordioa. Akordioa, ahalik eta zabalena lortu beharko da, jakina, eta sentsibilitate guztiak, ahal den neurrian, errespetatuko dituena.