Lokarri

JoxAnton Artze (Olerkaria): AUTISTEN IZURRI IZUGARRIA (eta ez politikari eta bankarien artean soilik)

2007-01-08

JoxAnton Artzeren iritzia akordioari buruz
 Ezin xarmantkiago erakusten digu bada izadiak,
    aho bat eta belarri bi emanez,
  zer heinetan behar genukeen mintza
eta zer heinetan entzun,
        hein bat zentzuz jokatzekotan!


Ez da, ordea, askorekin asmatzen erraza;
        hontan ere beste askotan legez
          dutenarekin oso gutxi ados;
  aho bateko eta belarri biko egin ordez,
  aho biko eta belarri bateko egin balituzte
askoz egokiago izanen zitzaielakoan baitaude asko eta asko,
  besteenak entzuteko belarri bat bera gehiegi dutenez
eta beren errukigabeko berritsukeria amaigabeak botatzeko
                                                                aho bi gutxiegi...!

 

   Herriaren eta herritarren arteko batasuna, bakean eta zuzentasunean bilatzea lehen egitekoa

beharko luketen gure politikariek bospasei tokitan ospatu zuten azken Aberri Eguna; horrela

erakutsiz, ez bat, bospasei aberri ditugula. 30 urtetan herritarren bizkar bizituz Herriari ekarri

dioten ordaina. Aberriaren izenean ordu pare bat elkarturik egotea gehiegixko zaien abertzaleak!

    Ez dugu inorekin adiskidetzerik bilatzen, ez gaudelako geure buruarekin adiskideturik.

 

        Maitasunak ematen digu bizi-indarra.

         Maitatzera ausartzen ez delako,
            maite ez duenak
    bizirik ez eta, nonbait bilatu behar eta,
                gorrotoan bilatzen indarra...


                Gorrotoarena, ordea, ez izanki
                        herio-indarra besterik,
            gorrotatzailea bera bizigabetzen duena lehenik,
                    beste inor hil aurretik:
                "bere baitan maite ez duenak,
                        hilik dagoenak,
                    gorrotoz
                  eta herioz kutsatzen ditu denak".


    E
z dugu gizakiok arma beharrik inor hiltzeko:
        norbaiti agurra ukatzean,
        bizia diogunez ukatzen;
        norbait maite ez dugunean,
            biziaz gain
      are izatea guk hari ukatzen.

Maitasun-indarra baino indartsuagoa delakoan / bilatzen askok gorroto-indarra.

Zure iritzia bidali