Lokarri

Lourdes Oñederra (Idazlea, EHUko irakaslea): Nire baitako akordioa

2006-12-13

Lourdes Oñederraren iritzia akordioari buruz
Akordioa: kontrakoen arteko adostasun-erabakia, gizaki eta gizatalde bakoitzak bakean bizitzeko duen eskubidea lehentasun, bakoitzaren uste eta iritzien gainetik. Ez dut uste adostasun hori eraikitzen hasi daitekeenik norberaren barrena baketu gabe. Bakoitzak ikusi beharko du bere barne-gatazka zein den, nola iritsi den bera hona.

Nik, eta nik bezalako askok Euskal Herrian, urte luzeetan egunerokoan egin ditugun eta egin ez ditugunetan, esan ditugun eta esan ez ditugunetan, izenpetu ditugun eta izenpetu ez ditugunetan, nolabait barkatu egin diogu ETAri. Gehiago edo gutxiago. Bat etorriz edo ez beren helburu guztiekin, onartuz erabat edo ez beren ekintzak, testuinguruaren babesa eskainiz gehienetan... Edonola ere pertsonatzat hartu ditugu, pertsona horien eta beren ingurukoen sufrimenduak kezkatu gaitu, beren giza-eskubideak defendatu ditugu. EHUko irakasle asko (eta horietaz ari naiz orain) hurbildu egin gatzaizkio presoei, ikasketetan laguntzen saiatu gara. Estradizioen aurkako manifestazioetan egon gara. Torturen aurka. GALen aurka. Ezin gutxiago egin, noski. Moral, etiko, gizalegezkoa besterik ez da sufritzen duenari laguntzea.
 
ETAkoen kontrakoei aurre egin diegu aitzakia aurkitu dugun bakoitzean. ETAri ez diogu ezer esan. Abstrakzioa ariketa miresgarri batez ez dugu ikusi beste sufrimendua. Ez genuen ikusten, ez genuen aipatzen, ez genuen entzuten, ia-ia lortzen genuen gertatuko ez balitz bezala geure eguneroko bizitzak aurrera segitzea. Tomás y Valiente unibertsitateko bulegoan ("euskaldunon" eskubideen alde) hil zutenean irakasten eta ikertzen segitu genuen. Hil ez balute bezala.

Egin ez dugunak egin dugunak bezainbat osatzen gaitu. Hori gara. Ikusi duguna eta ikusi ez duguna. Esan duguna eta esan ez duguna. Aintzat hartu duguna eta hartu ez duguna. Horrek osatzen gaitu. Horren erantzule gara.

Alde biei batera begiratzea tranpa da. Bakoitzak ikusi beharko du zein hutsune betetzea dagokion. Ideiak tiroz hil nahi dituztenak gaizkile direla salatzeak ez die giza eskubiderik ukatzen, baina akordio bilaketan hasteko gai egiten gaitu.
 
Lourdes Oñederra
Idazlea / EHUko irakaslea. Escritora / Profesora de la UPV
Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila / Departamento de Lingüística y Estudios Vascos

Iritziak

koldo | Benetan unkigarria zure testitagantza, Lourdes. Esker aunitz! Zeure baitan akordioa egina da. Eutsi aurrera! | 20.12.2006 18:58

Zure iritzia bidali