Lokarri

Maite Aristegi (Baserritarra): Lurra landu beharraz

2007-02-01

Maite Aristegiren iritzia akordioari buruz
Aspalditik ari ziren soroa prestatzen. Oso lur takarra zegoen, lehorra, harritsua, eta eguratsa ere ez zen batere ona. Baina hala ere, kanpoko tximista eta oineztuei jaramon egin barik, isiltasunean,ordu txikietan,hitza lan tresna bakartzat, emeki-emeki lurra lantzeari ekin zioten. Helburua ez zen makala, lortu nahi zen uzta, AKORDIOA deituriko zaku handia,eta barnean,hainbeste urtetako gatazka latzaren gosea aseko zuten bakea, askatasuna, justizia,...
 
Eta lurra itxuraz xamurtu zen; erle-gerlariek, zehaztu gabeko aldi baterako beraien ziztadarik ez zela izango agintzeraino. Eta poza, itxaropena, lanerako gogoa nagusitu zen inguruotan. Oraingoan bai, eguzkiak goxatuko gaitu, argiak lagunduta nahi duguna izatea lortuko dugu. Baso-zelaietako animalia guztiak pozik ziren bai udaberri hasiera hartan. Sai aseezinak ezik. Zaldiek agintea kendu zietenetik txerrenduta bizi ziren. Ez zuten aro berririk ireki nahi. Erle gerlarieikin bukatuz gero arazoa konpondutzat ematen zuten. Eta horretarako,aspaldiko sistema zaharra,errepresioa: musker-poliziak eta bela-beltz epaileen erasoaldiak ugaldu. Baina purrustadak-purrustada, isilean ekindako lur-lanketari jarraipena emateko garaia zen. Hitza goldatzat hartuz ,lurra astindu, ongarritu, ureztatu, animalia guztiak ordezkatuta direla, denen artean erabakitako etorkizuna, akordioa, erein. Eta udaberria igaro zen, baita udaran sartu ere. Zaldi agintedunek, lanerako gogoa adierazten zuten irrintziak bai, behin eta berriz errepikatuak, baina Ipar eta Hego aldetik haize lehorra besterik ez, eta erabilitako tresna bakarrak lurra zapaltzekoak: urrutiko negutegietan, sakabanatuta, giltzapetutako landareak ximeltzen, legez kanpo joan ziren arranoak beren nortasuna lortu ezinean, ziento erdi inurri joan-etorrian urte osoan bela-beltzen epaiketa luze-jasangaitza bizkarrean harturik, ... ta lurra geldi, egonean; ezjakintasuna, eta urduritasuna, zertaz ari ote dira hitzegiten, noiz ikusiko ote dugu benetako emaitzarik? Ekainaren amaierako deklarazio instituzionala euri zaparrada goxoa izan zen eremurako. Udazkena ere iritsi zen eta lur-goldaketa "luzea, zaila eta gogorra izango zela" esan zuen agintedun nagusiak; behin eta berriz errepikatuko zen esaldi premonitorioa. Eta aldian behin satorrak ere egon ezinean, han eta hemen zulotxo edo triskantzaren batzuk egiten zituztela entzuten genuen; horrek ere ez zion lur-prestaketari laguntzen. Hartan hortan, udazkenean barrena sarturik eguratsa gero eta ilunago ageri zen; saiek ez zuten inolako aukerarik galtzen zaldiei mokokadak emateko eta hauek euren defentsan harro zioten behin eta berriz eurak ez zutela-gero ezertxo ere eman arranoen alde. Eta ankerrenak baino ankerrago izatearen harrokeri horrek min ematen zuen. Kezka nabaria zen inguruotan. Zorionez baso-zelaietako ordezkarien emeek bultzatuta elkarren arteko lanaren aldeko erakustaldi bikaina burutu zen. Baina soro hartan landatutakoak sasiak jaten jada, gabonak iritsi ziren. Eta bapatean, inolako abisurik gabe, erle-gerlarien eraso latza; non eta agintearen bihotzean, hainbeste ez zela hain gertakari odoltsua izan zen inguruan. Eta beharbada abisu seriorako baino nahiko ez zena, triskantza eta eztenkada hilkor bihurtu. Eta galdutako inurri errugabeengatik benetako samina batzuk; krokodrilo malkoak beste batzuk. Eta lurrikara ikaragarria eremu guztian. Zeharo zartatua gure lan-soroa. Eta baso-zelaietako animali guztiak ikaratuta, burumakur; ez, horrela ez. Ez daukagu lehenera bueltatzerik. Erle-gerlariak galdu arren, musker, bela-beltz edo suge lege-jale gogorrenengatik ere ez dira txori askatasun-zaleak galduko. Eta lehen ikaraldiaren ondoren, trumoi beltz, oineztu eta txingorraldiaren ostean, eguzki izpi batzuk agertu ziren. Berriz ere, eta inoiz baino irmoago lanari ekin beharra, elkarturik, borondate sendoz, alde bateko zein besteko erasoak alde batera utziaz, arazoaren muinari helduz. Orain artean egindako lanak ezin dira alferrikakoak izan, lur-eremu horretan edo beste batean; izen batekin edo bestearekin. Denbora guzti honetan altxortxo bat osatzen joan baita: baso-zelai hauetako landare-animalitxo ia denen nahia: hitzeginda, akordiotara iritsiaz, herritarren nahia errespetatuaz bizi-leku bakeoso eta uzta eder bat lortuko dugula. Denoi dagokigu orain, gauden tokitik, inurriaren txikitasunetik elefantearen handitasunera geure laguntzatxoa eman eta ipuin honi merezi duen amaiera ona ematea.

Zure iritzia bidali