Norgehiagoka ari diren arerioen arteko akordioaren sorreran ahulezia dago. Garaile izateko modurik ez, indarrak ahitu hurren daudela somatu, garaitua izateko unea gertu dagoela antzeman, hori da akordioaren iturburua. Premiaren kumea da akordioa, ahuleziarena, alderdien artean koalizioa eratzen den moduan, norkbere ahulezia aitortzeko apaltasuna dago abiapuntuan, errealitateari den bezala begiratzeko ausardiak, eta ahul zarela aitortzeko oharmenak lagundurik. Irabazteari uko egitea da akordioa, horretarako behar da apaltasuna, baina dena galdu aurretik, garaipen eta porrota erdibana banatzeko zuhurtzia eta maltzurtasuna ere bai.
Jar dezagun xake partida baten ikusle garela. Jokalariak Alexander eta Dimitri dira, biak errusiarrak. Xehetasunetan sartu beharrik gabe, partida luze doa, oso luze, bost ordutik gora eta Alexander, zuriekin, nagusitzen ari da. Dama eta zaldia, bizpahiru peiorekin, horixe du bere indarra. Dimitrik, peioak eta dorrea, beste lanabesik ez du. Zuriek beltzak zokoratu dituzte, beltzak iheska dabiltza, horretan ari dira. Ehundik gora mugimendu, eta iritsi da inoiz iritsi behar zuen une kritikoa: Dimitrik berdinketa eskaini/eskatu du. Amore ematea da, garaipenari uko egitea, garaipena lortzeko aski indar ez duela aitortzen du. Bere ahuldadearen aitormena eginik Alexanderren aldia da orain, berdinketa onartu ala azkeneraino borrokan jarraitzeko analisian ari da. Inork irabaztekotan zuriek irabaziko dute. Berak. Nagusitasuna gauzatu beharra du, gehiago luzatu beharko du partida. Baina merezi al dio? Bost ordu terdi joan dira honez gero, taula ganeko indarren orekaz gain bestelakoak ere badira, jokalarien nekea batipat, amaitzeko gogoa. Irabaz lezake; irabaziko luke luzatuz gero; irabaz zezakeen, moztu du, amore eman du. Nekeak irabazi du, asperdurak. Garaipenaren erdia arerioari eman dio. Alexanderrek erdibanakoari baietza eman dio. Ikusleen artean, denetarik, ahapeka batzuk, iraun beharra zuela, jarraitu izan balu... Irabaztekoak zituen.
Klixe sobera erabilia da xakearena, ongi dakit hori, xahutua, higatua, eskutartean dugunerako baliagarri izatez gerotan mutandi sobera, aldagai gehiegi eskatuko lituzkeena eta, guztietan okerrena, barkaezina, gure errealitatearen, gure zorioneko prozesuaren fribolizatzailea da alderaketa. Gurea ez baita jokua. Serioagoa da gurea.
Konforme, ez gaude txantxetarako.
Utzidazue oraindik kontu bat: Nork irabazi du?
Zalantzarik ez dago, nire ustez: galtzen ari zenak irabazi du berdinketarekin. Galbidean zihoanak abilitatea izan du bestearen nekeaz baliatzeko, dena galdu aurretik garaipen-galera erdibana elkarbanatzeko. Akordioa ez da desohorea. Alderantziz, indarrez ahul dabilenaren garaipentzat jo behar da berdinketaren akordioa.
(Testua abenduren 30ean Barajasen izandako atentatuaren aurretik jasotakoa da)
Mikel Bujanda Oñederra
Euskalerria irratiko kazetaria
Oharra: Alexander Morozovich eta Dimitri Jakovenkoren arteko xake partida 2006ko abenduaren 26an jokatu da Iruñean, hiriburu honen izena daraman lehiaketan.