Diferentzia, ditsentsoa, tirabira ...gure sozietateetako ezaugarriak dira. Balorazio moral antzuetan sartu gabe horiek dibertsitate sozialean itsatsita dauden osagaiak direla egiaztatzen dugu. Gizarte autoritarioetan diferentziari indarra eta aginte bertikalaren bidezko irteera eman ohi zaio. Ibilbide laburrekoa eta faltsua. Egonkortasun soziala indarraren menpe ipintzen da hauetan. Ezagutzaren sozietateetan diferentzia, barietatea, aniztasuna aparteko balioak dira. Horien kudeaketa egokia ezinbestekoa da gizarte modernoetan bidezko garapen soziala eta ekonomikoa ahalbidetzeko. Akordioaren bilaketa eta lorpena sozietatearen berrikuntza eta garapenerako giltzarriak dira. Gurean aniztasun identitarioari irtenbidea emateko akordio historiko baten beharra lehenetsi behar da. Baina hori bake giroan gauzatzea gero eta ezinbestekoagoa dela nabarmen ari da geratzen. Barajasen ondoezak konfidantzaren galera eta atsekabe soziala ekarri du akordiorako orain arteko bide laburraren oinarri xumeak zartaraziz. Bide hori itzulezina egiten du euskal sozietateak berak, bakearen eta demokraziaren alde duen jarrera irmoa dela tarteko. Hori da ETAk ulertu ez duena, hots, gizarte heldua, aurreratua eta dinamikoa dela gurea eta euskaldunon arteko akordiorako erakunde armatua traba gaindiezina bihurtu dela. Lehenik, proiektu kolektiborako euskaldunon diferentzien ekarpena aberatsa delako. Gainera, zenbat eta errotuago egon gizartean akordioaren beharra eta praktika orduan eta zailago egingo delako kanpoko eskuhartzeak oztopo izatea bide horretan. Eta hori Madrileko aginteari ez ezik euskal gizartetik gero eta urrunago dagoen erakunde armatuari ere leporatu ahal zaio.