Lokarri

Nekane San Miguel (Epailea)

2006-11-03
Argazkia: Karlos Corbella

Argazkia: Karlos Corbella

Nekane San Miguelen iritzia akordioari buruz
“Ez da erreza ezer berririk adieraztea gai honen inguruan. Ezinezkoa topikoak hona ekarri gabe. Ezin alboratu, tiro batek, kartzelaratzeak…..esateko, hitz egiteko, adierazteko modu bat izanik, holakorik ez dugula nahi gizarte honetako gehiengoak behin eta berriz azaldu dugula. Hala ere, gogora ekarri behar, hainbeste errepikatu dugun mugarik gabeko elkar-hizketak zenbat osagai, zer nolako zailtasun eta noraino lurrundatako helburuak aurkezten digun bista zorrozterakoan. Une honetara iristea asko kosta zaigula iruditzen zaigu, eta agian horregatik abiapuntua besterik ez den momentua esanguraz betetzen ari gara. Hemendik aurrera elkarren ondoan eseri beharrekoak etsaiak izan dira (dira?) orain arte, eta mesfindantzaz elkarri begiratuz hasiko dute bidea. Ez dakigu konplizitatez bukatuko ote duten. Hala balitz, politika, berez den artea gauzatzeko gai direla erakutsiko liguteke, eta hurrengo urratsa ordezkatzen duenari etsaien artean egositako janaria jangarria dela (ez irentsi beharrekoa soilik) saltzeko gai izan behar.

Janari horren osagaiez galdetzen didazue, dudarik gabe. Lehena, helburu politikoak lortzeko indarkeria (tiroak, baina baita ere epaitegietako bortxa, txantaiak, bazterkeria…..eta indarra indarkeria bihurtzen duten hainbeste modu) ez dela osagai aproposena barneratzea litzateke. Horretarako nor berarentzat hainbeste garrantzia duena agian parean duzun horrentzat ez dela puntu horretara ailegatzen ulertzen saiatu, zuretzat inportantzia hori kendu gabe. Horren ondoan ordezkaria asunto honetan hainbeste zati, multzo eta jende den honetan, alde txiki batekoa duzula gogoratu. Ez dela zurea guztien guda, ezta guztien nahia. Eta nahi eta gogo horrek nola aurki dezaken bere txokoa guztien artean, trabarik eman gabe baina hustu eta deuseztatu gabe.

Elkar-hizketak, berak ere badu beste osagai indartsua: Modu horretan aritzeak orain arte lortu ez den helbururik lortuko balu, orain arte erabilitako bideak deskalifikatzen du, berez eta horretan, garaipena.

Hori ahaztu gabe, zein da lortu beharko litzateken helburua?. Alde batentzat, besterik gabe, armak isiltzea. Besteentzat, herri honentzako erabakitzeko eskubidea (ez ETAk horretan ezer berezirik esateko lukeelako, orain arte armak izan direlako aitzakia horretaz ez mintzatzeko). Eskubidea ez da ezer gauzatzen ez bada, eta hala, hartuko litzatekeen erabakia ebazpen bilakatu eta aurrera eman beharreko agindurik ez bada, nekez jar daiteke salmentan prestatutako janari hori; baina honetara helduta, garbi aurreikus daiteke, Españako Gobernuko ordezkariek ez dutela beharrik ikusten erabaki ahalmena “zatitzeko” (Españako konstituzioan Españako herriari dagokio eta, “beste komunitatekoei” ahalmen hori urrutitik ere onartu ezinik) eta hor ikusten dut oso zaila den problema: Ezin baita aurrez baldintzatu onarpena (adostasuna, kasu honetan) erabakiaren edukira (autonomia, federazioa, konfederazioa, independentzia) ahalmena edukirik gabe utzita.

Zein izan behar horretan sukaldari? Janaria jan beharko luketen guztion ordezkariak. Partidu politikoak? Ez osorik. Eragile sozialak? Ezta ere. Guztiak? Ez dut garbi ikusten, ordezkaritza bikoitzak sortuko lirateke, eta beste arlo batzuk inolakorik ez lukete izango. Astakeria badirudi ere, horretarako apropos izendatutako pertsonak hautatzea litzateke zuzenena. Pertsona horiek jakinduria eta izaera berezikoak beharko lukete, hainbat protagonismo eta jarrera kaltegarri ekiditze aldera. Zeinek izendatu? Euskadiko Erkide Autonomo batetik, eta Nafarroa bestetik hartu, eta, hauteskunde orokorretan, udal hauteskunde eta autonomikoetan lortutako boto kopuruen estimazioa eginik, horren arabera joera politiko guztiak ordezkatuko lituzketenak, eta Parlamentuek (edo Parlamentuen bidez) izendaturik (Batasuna ez da formalki aurkeztu, baina zenbateko botorik izan duen kalkulatzea ez litzateke zaila, eta jakingo du zein proposatu).

Azkenik, E.T.A.k armak uztearena garbi ikusten eta gauzatzen badu, hurrengo pausoa presoak, indulto bidez askatzea litzateke. Zigorraren helburuetariko bat prebentzio orokorra eta norbanakakoa izanik, E.T.Akide gehienak kartzela zigor luzeak bete dituzte dagoeneko, eta ez zaie doan atera delituak burutu izana (hilketa, lapurreta, kalteak…..edozein Estaduan delitu dira, motibazio edozein dela ere) eta ez dut zaila ikusten indultoaren bidez epe motzean hori gauzatzea, baldin eta edozein Gobernuk Estadu arazotzat hartu eta aurrekoak adostu duena errespetatzen duen neurrian.

Iritziak

koldo | | 20.12.2006 19:30
Nekane, helburu polotikoak lortzeko indarkeria... ez dela osagai aproposena\" barneratu beharko litzatekela diozu. Ez nator bat, indarkeria ez da osagai aproposa. Eta punto. Oinarrizko aitorpena, borobila. Eta azken partean, nortzuk osatu beharko lituzketen mahaiaz (edo mahaiez) ari zarenean... ez ahantz, azken hitza neti gizarte osoak behar du izan eta ez soilik alderdietako edo erakunde sozialeko militanteek...

Zure iritzia bidali