Lokarri

Onintza Lasa (EAko Komunikazio Idazkaria): Akordioa, konponbidearen baitan

2007-02-23

 Onintza Lasaren iritzia akordioari buuz
Edozein arazo, bizitzaren edozein arlotan, konpondu ahal izateko ezinbestekoa da, lehenik, arazoaren beraren existentzia onartzea eta, bigarrenik, bere izaera aitortzea. Erroetara jo behar da konponbidea benetakoa eta behin betikoa izan dadin. Gatazka politikoa bere horretan mantentzen den gure Euskal Herri honetan, ordea, ez dugu orain arte sustraietara jo. Urteak eta urteak galdu ditugu garaipena eta porrota lortu nahian. Batzuen garaipena, besteen porrota, noski. Baina horrek ekarriko lukeen konponbidea ez litzateke ez benetakoa ez behin betikoa izango. Botika gaurko, zauria biharko.
 
Akordioa da irtenbide on bakarra, alde guztien arteko elkarrizketaren bidez erdietsitako adostasuna, alegia. Euskal gizarte osoa bere baitan bilduko duen akordioa izan behar dugu helburu, eta hori lortzeko tresnarik eraginkorrena elkarrizketa da. Elkarrizketarik gabe ezinezkoa da akordioa. Kontzeptu banaezinak dira baina, aitzitik, indarkeriarekin uztartu ezinak. Indarkeriak ez du lekurik adostasunerako prozesu batean eta honek funtsezko oinarria izan behar du alde guztientzat. Giza eskubideekiko atxikimendua ezinbesteko abiapuntutzat hartuta, malgutasuna da beste zutabe nagusia. Akordioaz mintzatzea bestearekiko gerturatze ariketa batetaz mintzatzea da, besteak ere egiaren zati bat baduela onartzea da, enpatia ariketa bat egitea, eta honek, noski, askotan amore ematea eskatzen du. Izan ere, maximalismoak baztertuz eta malgutasunez jokatuz, aldeen arteko erdibideko adostasuna lortzeko bidea errazagoa izaten da.
 
"Zer eman, hura galdu" eskematik "zer eman, hura irabazi" parametroetara pasatu behar dugu guztiok. Amore ematea ez da ahuleziaren seinale, ezta galtzaileen zama ere. Alderantziz, amore ematea irabaztea da, edo izan daiteke, horrexek ahalbidetzen baitu akordioa. Eta norberaren planteamenduen defentsa sutsua zilegizkoa izan arren, denok mugitu beharko dugu amore eman gabe ez baitago adostasunik, gatazkaren luzapena baizik. Horregatik, euskal gizarteak malgutasuna eskatzen digu politikagintzan dihardugunoi; inor gutxik ulertuko luke alde bakoitzak itsu-itsuan bere jarrerei eutsiko balie eta, norberaren ikuspegian gotorturik, akordioa eragotziko balu. Jendeak ez luke ulertuko eta, are gehiago, ez luke onartuko.
 
Akordioaren beharraz ari naiz, baina ez nuke funtsezko galdera bat erantzunik gabe utzi nahi izango. Zer nolako akordioa behar dugu Euskal Herrian? Herri eta nazio ikuspegi ezberdinak, eta batzuetan kontrajarriak, daude jokoan eta, ez bata ez bestea inposatu gabe, guztiei aitortu behar zaie egiaren zati bat. Honexegatik, malgutasunez eta maximalismoetan erori gabe, utz ditzagun ate eta bide guztiak irekita eta, lehendabiziko printzipio demokratikoa, hau da, herriaren borondatea errespetatu beharra, oinarritzat hartuz, onar dezagun proiektu politiko guztiak gauzagarriak izan daitezkeela baldin eta euskal gizartearen gehiengoaren babesa badute

Zure iritzia bidali