Lokarri

Pili Kaltzada (kazetaria): Urrutira iristeko galbidea

2006-10-24
Argazkia: Karlos Corbella

Argazkia: Karlos Corbella

Pil Kaltzadaren iritzia akordioari buuz
Bide bazter baten topatu zuten elkar. “Nora zoaz?” galdetu zuen batek; “urrutira”, erantzun zion besteak. “Bai bitxia”, pentsatu zuen bere golkorako galdetzen lehena izan zenak, “neu ere bertara joateko asmoz abiatu naiz-eta”. Bidea bakarrik egitea gogorra izango zela eta, elkarrekin abiatu ziren, zeuden tokitik urrutirako bidean, bide malkartsua izango zela jakinik.

Lehen pausuak elkar ezagutu guran egin zituzten, berriketa alaian. Hortaz eta hartaz hitz egin zuten, elkarri entzunez. Bizitzari buruz egin zuten berba, nork bere bizitzari buruz. Metro batzuk aurrerago, gai sakonagoetan barneratzen hasi ziren, ia ohartu gabe. Bidean aldapak agertzen hasi ziren unean gertatu zen hori. Ibiltarietako batek eskumatik egin nahi izan zuen lehen bidegurutzean; entzuna zuen bide hori bihurgune askorik gabea zela, “ordeka lasaia dago hortik joz gero” esan zion bere ibilbide kideari, seguru baitzegoen bere egiaz, haren zuzentasunaz. Besteak, ordea, askoz garbiago ikusi zuen ezkerreko bidea, hark entzuna baitzuen hortik aurrerako bidea gogorragoa baino laburragoa zela, gau bakar baten egiteko modukoa. Seguru egon arren, elkarrekin ari zirela gogoratuz, bide laburra bilatu zuen ibiltariak amore eman zuen, iristea bezain garrantzitsua iritzita bidea bakean egiteari.

Eskumatik hartu zuten bidegurutzean, eta aurrera egin zuten. Elkarrekin jarraitu zuten, hartutako erabakiez harro: lehenari lortutako garaipena ahogozagarri egin zitzaion; bigarrenak eskuzabala izatea gauza handia zela zioen bere barrurako.
Halakoan, amildegi sakona agertu zitzaien begien aurrean, urrutira iristeko oztopo gaindiezina zirudien amildegi iluna. Atzera egin? Baliteke, aukeretako bat da. Aurrera? Nola, ordea? Nork bere buruari itauna egin zion, erantzunak hor, barruan, egon zitezkeela sinetsita.
  • −Lehena. Ditxosozko harrokeria! Zergatik tematu ote naiz eskumako alferrikako bide honetatik? Aintzat hartu izan banu... Apalago, bai horixe: hurrengoan askoz apalagoa izango naiz, nire egia ez baita egon daitekeen egi bakarra.
  • −Bigarrena. Bakarrik ibili izan banintz ez nintzateke orain hemen izango, atzean utzi dugun bidegurutze horretan ezkerretik hartuko nukeen. Gaua aterpe goxoan igarotzeko moduan egongo nintzateke, eta ez hurrengo pausuak nondik nora egingo ditudan jakitea erabat eragozten didan leitze honi begira. Bakarrik, horixe baietz: hurrengoan bakarrik abiatuko naiz.
Nor dabil zuzen eta nor oker? Bide seguruaren argitan bidaidea bere egiara erakarri duena, edo adostasunaren mesedetan bere egiari uko egin diona? Aitzitik, bestela ere galdetu liteke; nor konfunditu da, lehen oztopo zailaren aurrean funtsezkoak irizten zituen egiei bizkar ematen diena, edo egindako akatsak onartzeko umiltasuna erakutsi duena?
Zaila da jakitea zein den erabaki ona. Erabaki bakarra baitago, hartzen den erabakia, alegia. Urrutira iristeko bide bakarra dagoen bezalaxe, bide nabar: elkarrekin egiten den bidea.

Iritziak

koldo | | 20.12.2006 19:36
Pili, benetan egia: Zaila da jakitea zein den erabaki ona. Erabaki bakarra baitago, hartzen den erabakia, alegia. Urrutira iristeko bide bakarra dagoen bezalaxe, bide nabar: elkarrekin egiten den bidea\". Orain daukagu, bai, urrutira joateko egiazko aukera... elkarrekin abiatzekoa...

Zure iritzia bidali