Lokarri

Ramon Balenziaga (Sozial Idazkaritzako kidea)

2006-12-05

Ramon Balenziagaren iritzia akordioari buruz
Akordioari buruz nere gutxi-gora-beherako iritzia hau da: Akordio soziala, elkarrekin bizitzeko gutxieneko funtsezko oinarri edo elementuak batzen dituen egoera edo prozesua. Bi galdera hauei erantzuten die: Nortzuk gara, eta zer egin behar dugu elkarrekin eroso bizitzeko?

Galdera hauek testuinguru zehatz batean egin behar dira. Horrela ez bada, kontsentsua, bakerako akordioa, etab. hitz hutsak dira. Testuinguru hau, niretzat Euskal Herria da, hainbat arazo direla eta, enfrentatua eta zauritua dagoena, azken urte hauetan ETAren borroka armatuagatik eta gertatzen den erantzunagatik gehien bat.

Gutxiengo adostasun edo akordiotara heltzen ez den gizartea zatitu eta hautsi egiten da eta ezinezkoa da bertan bizitzea. Adostasun edo akordio bateko sujetoak beti, elkarren aurka daudenak dira, alderdi politikoak, elkarte sozial edo kulturalak, banakako pertsonak, etab.

Gaur egun bizi garen egoera sozio-politikoan balizko akordio batera iristeko oinarrizko baldintzak hauek dira:
  • Arazo politiko bat dagoela onartzea, nahiz eta modu diferentetan definitua izan.
  • Arazo hori konpontzeko bide politikoak soilik erabiltzeko borondate garbi eta   baldintzagabea.
  • Elkarrizketari ekiteko aurrebaldintza absolutorik ez ipintzea: Lurraldetasuna, Konstituzioa, Autodeterminazioa...
  • Akordio batera iritsi ahal izateko bakoitzak utzi beharrekoak onartzeko, benetako jarrera, publikoki adieraztea.

Akordioaren edukiak hauek izango lirateke:

Bakegintza. Gaur eta hemen, Euskal Herrian, bakegintzak ETAren indarkeria amaitzetik edo desagertzetik eratortzen diren bakea eta justizia zehatza lortzea esan nahi du. Beharrezkoa den askatasun giroa izan dezagun eta prozesu politikoek ETAren presio edo mehatxu gabe beren bidea egiteko aukera izan dezaten. ETAren indarkeria amaitzearen ondorio bezala, presoen egoera berrikusi beharko litzateke.

Normalizazioa. Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko harreman juridiko-politikoak definitzen dituen esparru politiko orokor bat lortzeaz ari naiz. Euskal Herriaren gehiengo handi batek libreki onartuko duena. Aldebiko izaera izan beharko du esparru horrek, hau da, une honetan gatazkan daudela sentitzen duten sujeto politikoek adostasun politiko batera iritsi beharko dute.

Herriaren konpromezu soziala. Ekintza bateratuak egiteko konpromezua, gezurra eta manipulazioa alboratzea, amore ematen jakitea, norbere eskubideak besteak iraindu gabe egitea, konfrontazioa ekiditea, bai publikoki eta bai pribatu mailan adierazpenak egiteko moduak zaintzea, etab. izango lirateke landu beharrekoak. Horrela irits gaitezke akordioetara.

Eta azkenik beti izan behar ditugu gogoan, egoera honetan gehien sufritu eta pairatu dutenak, biktimak, bai ETArenak eta bai Estatuaren aparatuenak. Inoiz ez zaie benetako justiziarik egingo. Bere oroitzapenak bultzatu behar gaitu kontsentsura. Hau da inoiz ahaztu behar ez dugun exijentzia etikoa bakeratzeko akordioaz hitzegiterakoan.

Iritziak

koldo | Guztiz bat aipatzen dituzun oinarrizko baldintzetaz eta neurri haundi batean akordioaren edukiez ere. Eta biktimekiko egiten duzun hausnarketa finalaz. | 20.12.2006 19:12

Zure iritzia bidali