Lokarri

Sabin Salaberri (Musikaria): Akordioaren aldeko ahotsak

2001-01-19

Sabin Salaberriren iritzia akordioari buruz
Ez da erraza, ezta atsegina ere, Euskal Herriaren egoera. Inoiz izan ez dena, are gehiago alferrik galtzen zetorren azken bolada honetan. Zenbat zailtasun, zenbat oztopo eta zenbat neke gainditzekotan aurkitu izan gara bertan bizi garenok!
          Baina ba dirudi negar-zotinak ez direla beti berak. Joan den martxoan itxaropenez betetako poz berri bat sortu zitzaigun gure lurraldean. Bazirudien gauzak aldatzekotan zijoazela. Haize berriaren bultzakada osasungarri bat arnastu zen giroan. Normalizazioa eta bake prozesua eginkor eta bidezko agertzen zitzaizkigun. Nola ez poztu?
          Ondorioz sortutako akordio eta elkarrizketaren aldeko gizarte mugimenduen artean, Lokarri mugimenduak bultzatutakoa izan zen, dudarik gabe, garrantzi haundienetariko bat. Adostasun betez eransten diet nire burua Lokarriren helburuei.
           Gure egoera eta etorkizunari buruzko ikuspuntu asko eta ezberdin direlarik, denon arteko elkarrizketa, denon arteko "akordioa" guztiz premiazkoa dirudit. Alde batekoak, naiz bestekoak, denok gaude elkarrekin eta elkarrenganako bizitzera behartuak. Bizikidetasunerako arauak denon artean sortu behar ditugu. Inor baztertu gabe.
           Elkarrekiko errespetua eta bakea ezin bestezkoak ditugu. Nola konpondu denon arazoak, ez ba dugu norberak geure iritzia azaltzeko biderik? Eta bestalde, nola ezarri elkarrizketa askatasun osoz, atzetik bortizkeria jagole dagoelarik?
           Pozez idazten dut nire izena "Akordioaren aldeko ahotsen" artean.
 
           OHARRA. Lerro hauek idatzi ta gero, odolgaitzen azken ekintza ardura eta larritasunez beterik jasan behar dut. Noiz arte bortizkeria? Ez al gindoazen elkarrekin hitz eginez "akordio" batera iristeko bideetan?

Sabin Salaberri Urzelai
Musikaria

Zure iritzia bidali