Arazo honetan, oinarriz bederen, kontu ekonomiko hutsak ez baina maila abstraktuko kontzeptuak eztabaidatzen direnez gero, iruditzen zait egokiena gizakiaren oinarrizko eskubideen nazioarteko aldarrikapena hartu beharko genukeela gidari, eta zintzotasunez eta moralki jokatzeko orduan, ongi jakin, eskubide kontuan inork ezin uka diezaiokeela besteri berak inork berari onartzea nahi lukeena.
Hasteko, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko akordioa lortzen hasteko, alde bateko eta besteko negoziatzaileek elkarri, eskubide eta duintasunez, ezen ez boterez, duintasun eta eskubide maila berbera aitortu beharko lioke, hortik aterako dena, hasiera-hasieratik, berdinen arteko eta inolako morrontzarik gabeko tratua izan dadin, alde bietatik lotsarik gabe ontzat emateko modukoa.
Horri darion lehen ondorioa hauxe da: partaideak pertsona askeak eta berdinak baldin badira, bakoitzak bere burua bere sentimenduen arabera izenda dezake, bestearen aurreiritzi eta ustekizunetara makurtu gabe. Eta bata bestearen nazioaren kide sentitzen ez bada, besteak ez dauka hori bere dogma partikularren arabera gaitzetsi eta berea inposatzeko eskubiderik.
Espainiaren gaurko egitura ikusita, begien bistan dago, badirela herri ezberdinak, hizkuntza eta kultura berezien jabeak, guztiek, aspaldian, maiz derrigor eta gogoz kontra bada ere, izandako bizikidetasunagatik izan ditzaketen ezaugarri amankomunak gorabehera. Halere, Estatuak, herri horien hizkuntza eta ezaugarrietatik, soilki batzuena onartzen eta identifikatzen du espainoltasunarekin, eta halaxe kontsakratzen du bere Konstituzioan (guztiek nahitaez jakin beharrekoa), gainerakoak (euskara, katalana, galegoa,...) soilik maila apalagoan eta lurralde mugatu batzuetan onartu edo toleratuz. Ondorio garbia da: badira lehen mailako hiritarrak, jatorriz eta jaiotzez hizkuntza pribilegiatu hori dutenak, eta bigarren mailakoak ere, lehenen menpeko eta beti horien aurrean makurtzekoak.
Egoera hau gainditzeko, giza eskubideen berdintasunaren argitan, Estatuak alde batera utzi behar du talde nagusiaren abusuzko hegemonia politikoa eta Espainiaren errealitate plurinazionala argiro aitortu, barruan dauzkan nazio guztiei eskubide berdinak eta berberak onartuz. Horrek, praktikan, Estatuak eredu federalean egituratu beharko luke.
Onetsi beharra dago, halaber, nazio horietako batzuek beren naziokide eta hizkuntzaide batzuk beste Estatu batzuetan kokaturik dauzkatela, eta naturala dela horiekin harremanak izan eta sendotu nahi izatea, espainolek Hispano-Amerikakoekin egiten duten bezalaxe. Estatuak, hortaz, ez du hor eragozpenik ipini behar, aitzitik, beste hizkuntza eta kultura horiek, gaztelaniaren maila berean, Espainiako ondare kulturalaren parte badira, atzerrian ere lantzeko interesa erakutsi behar du, Estatu arteko hitzarmenen bidez. Eta horko hiritarrek beren ezaugarri nazionalak garatzeko baliabide politikorik ez balute, Estatuak hango agintariekin hori konpontzeko presio diplomatiko eta ekonomikoa erabili beharko luke. Euskal Herriaren eta Kataluniaren kasuan Frantziarekin, hain zuzen.
Espainiako gaztelaniadun soilen orain arteko exklusibismo eta nazionalismo inperialista zuzentzeko, Estatuak irakaskuntza eta hedabideen bitartez, berreziera kanpaina antolatu beharko luke, hiritar guztien artean berdintasun-giro hori lor dadin. Horretarako, hitzaldiak eta debateak bultzatu beharko lirateke, bizikidetasun hobea helburu.
Nazio horretako bakoitzak historiaz eta tradizioz bere jatorrizko eremutzat daukan lurralde osoan jarduteko eskubidea dauka. Estatuak eta leku horietako agintariek, bertako populazioak hala nahi duenean, horko hizkuntza berreskuratzen laguntzeko obligazioa dauka, baina jatorrizko ezaugarri nazionalak hobeki gorde izan diren lekuetakoek ez dute beste eskualde horiek beren erkidegoarekin elkarrarazteko eskubiderik, baldin bertakoek hola nahi ez badute. Hortaz, Nafarroa ez litzateke Euskal Autonomia Erkidegoarekin elkartuko nafar gehienen borondatea hala izan arte. Edonola ere, bai Estatuak eta bai nafar agintariek, nafar gehienen eskariari erantzunez, Nafarroa osoan euskararen irakaskuntza hedatu eta babestu beharko lukete, nafar guztien ondare historikotzat harturik. Euskal eta Nafar Gobernuek, zeinek bere autonomia osoa gorde arren, bien intereseko arlo batzuetarako (ekonomia, errepideak, hizkuntza, hezkuntza eta kultura...) lankidetasun-organo amankomuna eratuko lukete.
Giza erkidego nazional aske eta berdin bakoitzak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dauka, eta berau Estatuaren armadaren mehatxupean ezin zaputz daitekeen bezala, nazioek ere ezin aldarrika dezakete beren independentzia armen eta bortxaren bidez, hiritarren gehiengoak hauteskunde askez hala erabakita baizik. Kasu guztietan Estatuak aukera hori adierazteko ahalbidea bermatu eta nazio horien nahia errespetatu beharko du.
Estatuaren berrantolaketa berdinkidean Espainiako nazioak elkarrekin bizitzen segitu ahal izateari aukera emateko, Estatuko nazioek, autodeterminatzeko eskubidearen jabe badira, ere, denbora-epe arrazonatu eta adostu batean (15-20 urtetan adibidez) eskubide horretaz ez baliatzeko konpromiso finkoa hartuko dute, autodeterminatzeak Estatu-egitura deserdiratu berean elkarrekin bizitzea ere esan nahi dezakeela onartuz.
Alderdi eta aukera politiko guztiak ontzat eman eta hauteskundeetara aurkezteko aukera ukanen dute, beti ere helburu eta bide demokratikoak erabiliz gero.
Orain arteko gatazka-egoera hau gainditzeko, arrazoi politikoengatik preso dauden pertsonen askatasuna aztertuko da. Hasteko, negoziazioek dirauten artean, guztiak beren bizilekuetara hurbilduko dira, senideekiko harremanak eta bisitak errazteko. Odol kargurik ez dutenak berehala kaleratuko dira. Odol-delitudunen kasuak bereziki ikertuko dira, legeak eskaintzen dituen baliabideak horien alde erabiliz: zigorraren zati gehiena betetzean baldintzapeko askatasunean irteteko aukera; osasunez gaixo edo makal daudenak ateratzea; zenbait urtetarako atzerrira bidaltzea, etab. Posible balitz, amnistia eman liteke, kasu batzuetan zati baterako atzerriratzea baztertu gabe.
Presoen aldetik, borondate oneko jarrera eta gaizki egindakoengatik damua erakutsiz, beren helburu politikoei uko egin gabe, biktimei eta biktimen senide eta ondokoei barkamena eskatu edota dolu-erakutsia eskainiko diete, haiengandik nahitaez onespenik hartu nahi gabe. Era berean, hiritarrok biktimekin erabiliriko mespretxu eta bakartze-jokabidea publikoki gaitzetsi eta geure erru kolektiboa aitortuko dugu, horregatik barkamena eskatuz.
Euskaldunon eta Euskal Herriaren aurka beren abusuzko botere-eragina erabili duten pertsonek eta erakundeek, halaber, biktimak izan zein izan ez (militarrek, poliziek, kartzeltzainek, epaileek, fiskalek, foro eta elkarteak...), era orokorrean Euskal hiritarroi barkamena eskatuko digute, eta beren gehiegikeriak aitortuko. Hiritarrok zintzoki barkatzeko jarrera eskaintzeko prest egon beharko genuke.
Estatuak barkamen berezia eskatu beharko die presoen senideei, sakabanatze-politikagatik beroriek hainbat urtetan pairaturiko nahigabe, baztertze, mespretxu, gastu eta sufrimenduagatik.
Oraingo egitura autonomikoa gainditzeko asmoz, Espainia Estatu Federal gisa antolatzen den bitartean, Estatuak Euskal Parlamentuek prestaturiko autonomi estatutu berria eskuzabaltasunez onartuko du, euskaldunok geure nortasuna Euskal Herri barruan zein nazioartean arlo guztietan garatzeko dugun eskubidea ahalik eta gehien bete dadin.