Lokarri

Xabier Oleaga (Kazetaria)

2007-02-15

Xabier Oleagaren iritzia akordioari buruz
Zenbait akats burutu izan dira Barajasko atentatua gertatu izateko, eta haren ondoren gauzak dauden bezala korapilatuta egoteko, noski.
 
ETA erratu egin da ziurrenik epe laburregira begiratu duelako atentatuaren ondorioak kalkulatzerako orduan. Baina batez ere erratu egin da prozesuan zehar eskarien langari eman dion mailarekin. Beste modu batez esanda, Rodriguez Zapaterok, Moncloara iristean, espektatiba batzuk sortu zituen euskal gatazkari begira, eta harira erakunde armatuak bere jardunbide propioa egokitzeko aukera ikusi zuen, baina gaizki neurtu aukera horren izaera.
 
Rodriguez Zapatero erratu egin da prozesua uste bakar batean oinarritu duenean, alegia, ETAren baitan nagusi direla erakundearen jardun armaturako aukera gehiagorik ez dagoela uste dutenak. Edo, beste modu batez esanda, nagusi direla uste dutenak jardun politiko hutsarekin abagune honetan aukera handiagoak daudela Euskal Herri emantzipatuaren aldeko indarrak metatu eta baldintzak sortzeko.
 
Berez, zerrenda luzea egin daiteke aurkitutako akatsekin.
 
Eta orain zer. Gatazkaren egunerokotasunera berriro itzuliaz Moncloak ETAri adierazi nahi izango dio honen operatibitatea guztiz eragotzi dezakeela komandoak zein arduradunak atxilotuaz, eta eragin politikoa deuseztatu Ezker Abertzalea legez kanpo mantenduaz.
 
ETAk bere aldetik, errautsetatik behin eta berriz altxatzeko gaitasunarekin Madrilen amesgaiztoa izaten jarraituko duela adierazi nahi izango du.
 
Kontua da erratu al garen prozesuak atzerabiderik jada ez daukala esan izan dugunean ere.
 
Eta argi dago atzera egin dezakeela, baina argi dago baita ez dela lehengora itzuliko, lehengorik ez dagoelako. Iruzurrak eragindako aztoramenduak edo/eta etsipenak desberdin egiten du oraingo gizartea. Eta hori aldagai garrantzitsua da.
 
Gizarte honek inguruko gatazkak bideratzen ikusten ditu eta gurean gaitasunik gabeko saio hutsalak besterik ez. Prozesu "luzea, gogorra eta zaila" iragarri zaio oraingoan ere bi aldeetatik, eta, bederatzigarren hilabetean amaitutzat ematen bada, laburra, ganorabakoa eta arina izan dela ondorioztatu beharko du.
 
Egindako ibilbidean ontzi guztiak erreta geratu direla eman dezakeen honetan, bestalde, "Ahotsak" bezalako ekimenak hor dirau. Gatazkaren konponbidera hurbildu diren tartekariak ere hor daude. Horien guztien garaia da.
 
Gatazkaren rutina aldatzeko, bestalde, ez dago bi aldeen borondate sinkronizatuen beharrik. Gehiago sinesten dut aldebakarreko eraldaketa ausartean, bestearen jarduna behartzeko.
 
Irabazteko gehien daukanari dagokio ausartena izatea.

Zure iritzia bidali