Lokarri


Kontsulta integratzaile baterako deialdi-proposamena

Proposamen-aurkezpenaren testuingurua eta helburuak
 

2007ko martxoaren 11n, sinadurak biltzeko ekimena aurkeztu zuen Lokarrik -akordioaren eta kontsultaren aldeko herritar-sarea-, Eskari Eskubideaz baliatu eta Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan herri-kontsultaren aldeko deialdia aurkezteko helburuarekin. Eskaerarekin batera, herri-kontsultaren aldeko deialdiarekin bat datozen milaka herritarren sinadura bidali nahi genuen legebiltzarretara (ikus honekin batera doakizuen agiria).

Bake-prozesua porrot egin berria zen testuinguruan aurkeztu genuen ekimena. Bakea erdiesteko irekitako bidea itxirik zekusan euskal gizarteak; galdutako beste aukera baten aurrean geunden. Gainera, gainditutzat geneukan iraganeko egoerara (indarkeria, inkomunikazioa eta tentsio politikoa) itzultzeko arriskua ere sumatzen zen.

Bi helburu hauekin aurkeztu zuen Lokarrik ekimena: gizartearen frustrazioa bide positibotik eramateko, batetik, bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko prozesuan herritarren partaidetza, mobilizazioa eta esku-hartzea sustatuz proposamen konstruktibo eta zehatz batekin;.bestetik, alternatiba herritar, baketsu eta demokratikoa bultzatzea bake-prozesuaren blokeo-egoera gainditzeko. Gizartearen jarrera argitzea du xede, hain justu ere, herritarren borondatea adierazteko bidea irekitze horrek, egoera politikoa mugiarazi eta herritarren borondatea betearazteko urratsak ematea.

Helburu horiekin, bada, bultzatu du ekimena Lokarrik, eta 18.131 sinadura jaso ditu. Orain, herritarrekiko dugun konpromisoa bete, eta Eskari Eskubideaz baliatuz, herri-kontsultaren aldeko deialdi-eskaera egin behar dugu Eusko Legebiltzarrean. Espainiako Konstituzioaren 29. artikuluan dago Eskari Eskubidea, eta herritarren partaidetzari laguntzea du xede.Horren arabera, edozein herritar edo erakunde sozialek du eskubidea erakunde publikoen aurrean proposamenak aurkezteko; erakunde publikoek, berriz, eskaria izapidetu eta eskatzaileari erantzun egin behar diote.

Herri-kontsultaren aldeko ekimena abiarazi genuenetik, baina, aldatu egin da egoera. Irailaren 28an, bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko proposamen zehatz bat aurkeztu zuen Ibarretxe lehendakariak Eusko Legebiltzarrean.Proposamen horretan bada, besteak beste, herri-kontsulta bat egiteko asmorik ere, Lokarrik aurkeztutakoaren antzekoa, gainera. Lokarriren proposamenaren helburu bera du Ibarretxerenak ere: bakearen eta normalizazioaren aldeko prozesua sustatzea, eta printzipio berak ditu euskarri: indarkeria amaitzea, elkarrizketa, akordioa eta kontsulta.

Egoera berria ikusirik, eta kontsultarekin amaituko litzatekeen ibilbide jakin bat aurkeztua dutenez, hirugarren helburu bat erantsi dio Lokarrik ekimenari: kontsulta egiteko akordioa lortzea. Kontsulta integratzailea egiten lagundu nahi du Lokarrik, hau da, erakunde publikoek eta alderdi politikoek onartutako akordio politikoa berresteko kontsulta, edo, bestela, akordiorik ezean, herritarrek bizikidetza-printzipioak finkatzen dituzten kontsulta berrestekoa, betiere sektore sozial eta politiko guztiak barne hartzen dituena, inor bazterrera utzi gabe.

 

Arrazoiak

 

18.131 egin dute bat eskaera zehatz honekin: "Eskari Eskubideaz baliaturik, bake-prozesua bultzatzeko Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan herri-kontsultaren deialdia aurkezteko asmoarekin bat egiten dugu". Herri-aldarrikapena da, demokratikoa, integratzailea eta bake-prozesua sustatzeko ahalmenduna.

 

  • Herri-aldarrikapena da, herri-ekimen batetik sortua baita proposamena. Agiria izenpetu duten guztiek adierazi dute bakearen eta normalizazio politikoaren alde jarduteko borondatea, hots, 18.131 lagun horiek ez dute etsi, ez dituzte aukera guztiak galdutzat jotzen eta ez daude prest iraganeko indarkeria- eta tentsio-girora itzultzeko. Bestalde, herritar konprometitu legez dagokien erantzukizuna bereganatu eta gogotsu ekiten diote helburu horiek iristeari.
  • Aldarrikapen demokratikoa da, Parlamentura, herritar guztiaren ordezkaritza-erakundera, jo baitute herritarrok. Gainera, bakea, elkarrizketa eta akordioa aldarrikatzen urte asko daramatzaten borondate sozialen isla dira herritar horiek. Herritarrek parte hartzeko bide zilegia (Konstituzioak onartzen du) erabili da eskaria egiteko, eta eskatzen du bizikidetza baketsu eta normalizaturako behar diren oinarrizko printzipioei buruz gizarteak berak zuzenean erabakitzeko ahalmena izatea.
  • Aldarrikapen integratzailea da, eskari honek proposatzen baitu kontsulta bidez finkatzea gure gizarte-kohesioaren funtsak, eta guk geuk kudeatzea gure aniztasuna (politikoa, soziala eta nortasunena). Horrenbeste urtetako tentsio, indarkeria eta enfrentamendua eta gero, akordioaren eta adostasunaren aldeko beste ahalegin bat eskatzen dute herritarrek, bizikidetza demokratiko eta baketsuagoa ekarriko diguna.
  • Bake-prozesua bultzatzeko ahalmena du aldarrikapenak: egoeraren blokeoa ikusirik, eta berriro ere indarkeria-, sufrimendu- eta tentsio-girora itzultzeko arriskuan gaudela jakinik, herritarren borondatea kontsulta bidez adierazteak argitu egin ditzake gure bizikidetza-printzipioak eta bidea ireki gure gizarteko bake-, elkarrizketa- eta akordio-nahiak bermatu eta aintzat hartzeko.

 

Adierazpen-proposamena

 

Aipatutako arrazoi horiek guztiak direla eta, Lokarrik (18.131 sinaduraren laguntzarekin)proposatzen du Eusko Legebiltzarrak eztabaidatu, adostu eta onar dezala honako adierazpen hau:

 

Kontsulta integratzailearen aldeko adierazpen instituzionala


1. 2008a amaitu aurretik kontsulta integratzailea bultzatuko du Eusko Legebiltzarrak, zeinaren bidez zuzenki eta zehazki galdetuko zaion euskal gizarteari bakearen eta normalizazioaren bidean aurrera egiteko oinarrizko printzipio hauei buruz: indarkeria amaitzea, elkarrizketa eta akordioa.


2. Rodriguez Zapatero presidenteak eta Ibarretxe lehendakariak elkarrekin ados jartzeko ahalegina egin dezaten eskatzen du Eusko Legebiltzarrak, elkarrizketa- eta akordio-prozesua bultzatu eta gidatu ondoren kontsulta egin dadin. Erakundeek, alderdi politikoek eta gizarte osoak hartu behar dute parte prozesu horretan.


3. Elkarrizketa-prozesua lehenbailehen abiarazteko konpromisoa bereganatzen du Eusko Legebiltzarrak, bakearen eta normalizazioaren bidean onuragarri izango den akordioa erdiesteko.Gizarte osoak izan behar du akordio hori berresteko aukera, aipatutako kontsulta integratzailean.


4. Akordiorik lortzen ez bada, Eusko Legebiltzarrak hitzematen du kontsulta integratzaile bat egiteko edukiak adostuko dituela. Bakeari eta bizikidetzari buruz herritarrek duten nahia argitzea izango du xede kontsultak.


5. Bere Giza Eskubideen Batzordeari agintzen dio Eusko Legebiltzarrak adierazpen honen segimendua egiteko, baita eztabaida abiarazteko ere (herritarrei irekia). Ganbera honetan bertan aurkeztuko dira gero eztabaidaren emaitzak.

 


Kanpainaren emaitzak