Lokarri


Kontsulta integratzaile baten deialdi eskaera Nafarroan

Proposamen-aurkezpenaren testuingurua eta helburuak

 

2007ko martxoaren 11n, sinadurak biltzeko ekimena aurkeztu zuen Lokarrik -akordioaren etakontsultaren aldeko herritar-sarea-, Eskari Eskubideaz baliatu eta Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan herri-kontsultaren aldeko deialdia aurkezteko helburuarekin. Eskaerarekin batera, herri-kontsultaren aldeko deialdiarekin bat datozen milaka herritarren sinadura bidali nahi genuen legebiltzarretara (ikus honekin batera doakizuen agiria).

Bake-prozesua porrot egin berria zen testuinguruan aurkeztu genuen ekimena. Bakea erdiesteko irekitako bidea itxirik zekusan euskal gizarteak; galdutako beste aukera baten aurrean geunden. Gainera, gainditutzat geneukan iraganeko egoerara (indarkeria, inkomunikazioa eta tentsio politikoa) itzultzeko arriskua ere sumatzen zen.

Bi helburu hauekin aurkeztu zuen Lokarrik herri-kontsultaren aldeko ekimena: gizartearen frustrazioa bide positibotik eramateko, batetik, bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko prozesuan herritarren partaidetza, mobilizazioa eta esku-hartzea sustatuz proposamen eraikitzaile eta zehatz batekin; bestetik, alternatiba herritar, baketsu eta demokratikoa bultzatzea bake-prozesuaren blokeo-egoera gainditzeko. Gizartearen jarrera argitzea du xede, hain justu ere, herritarren borondatea adierazteko bidea irekitze horrek, egoera politikoa mugiarazi eta herritarren borondatea betearazteko urratsak ematea.

Nafarroak ere pairatu ditu biolentzia, Giza Eskubideen urraketa eta esparru anitza eraikitzeko beharrezkoak diren adostasunen gabezia. Nafarroa arazoaren parte izan da eta konponbidearena ere izango da, nafar gizarteak bakean eta demokratikoki bizi nahi baitu.

Areago, Nafarroan herri-kontsulta bat egiteak garrantzi handiagoa hartzen du orain arte ez baita egin nafar herritarrek beren bizikidetza esparruaz mintza daitezen aukera emango duen galdeketa bakar bat ere. Egia da Legebiltzarrak, nafarren herri-subirotasunaren egoitzak, agertu duela bere iritzia gai honen inguruan, baina protagonistak herritarrak dituen sistema demokratiko baten garapena bateratzen zaila da herritarrek beren etorkizunaren inguruan erabakitzeari uko egiten dion aginduarekin. Demokrazian sakontzeko behar honek gailentasun berezia du baldin eta, gainera, nahi badugu nafar gizartea bakea eta elkarbizitza moduko gai garrantzitsu eta haraindikoaren inguruan mintzatzea.


Helburu horiekin, bada, bultzatu du herri-kontsultaren aldeko ekimena Lokarrik, eta 3.213 sinadura jaso ditu. Orain, Sareak herritarrekiko duen konpromisoa bete, eta Eskari Eskubideaz baliatuz, herri-kontsultaren aldeko deialdi-eskaera egin behar du Nafarroako Legebiltzarrean. Espainiako Konstituzioaren 29. Artikuluak jasotzen du Eskari Eskubidea, eta herritarren partaidetzari laguntzea du xede. Horren arabera, edozein herritar edo giza erakundek du erakunde publikoen aurrean proposamenak aurkezteko eskubidea; erakunde publikoek, berriz, eskaria izapidetu eta eskatzaileari erantzun egin behar diote.

 

Arrazoien aurkezpena

 

3.213 pertsonek egin dute bat eskaera zehatz honekin: "Bat egiten dugu bake-prozesua bultzatzeko baliagarria izan daitekeen herri-kontsultaren aldeko proposamena Nafarroako Parlementuan aurkeztearekin, Eskari Eskubideaz baliaturik". Herri-aldarrikapena da, demokratikoa, integratzailea eta bake-prozesua sustatzeko ahalmenduna.

 

  • Herri-aldarrikapena da, herri-ekimen batetik sortua baita proposamena. Agiria izenpetu duten guztiek adierazi dute bakearen eta normalizazio politikoaren alde jarduteko borondatea, hots, 3.213 lagun horiek ez dute etsi, ez dituzte aukera guztiak galdutzat jotzen eta ez daude prest iraganeko indarkeria- eta tentsio-girora itzultzeko. Bestalde, herritar konprometitu legez dagokien erantzukizuna bereganatu eta gogotsu ekiten diote helburu horiek iristeari.
  • Aldarrikapen demokratikoa da, Parlamentura, herritar guztiaren ordezkaritza-erakundera, jo baitute herritarrok. Gainera, bakea, elkarrizketa eta akordioa aldarrikatzen urte asko daramatzaten borondate sozialen isla dira herritar horiek. Herritarrek parte hartzeko bide zilegia (Konstituzioak onartzen du) erabili da eskaria egiteko, eta eskatzen du bakean eta normalizazioan oinarrituriko bizikidetza baterako behar diren oinarrizko printzipioei buruz gizarteak berak zuzenean erabakitzeko ahalmena izatea.
  • Aldarrikapen integratzailea da, eskari honek proposatzen baitu kontsulta bidez finkatzea gure gizarte-kohesioaren funtsak, eta guk geuk kudeatzea gure aniztasuna (politikoa, soziala eta nortasunena). Horrenbeste urtetako tentsio, indarkeria eta enfrentamendua eta gero, akordioaren eta adostasunaren aldeko beste ahalegin bat eskatzen dute herritarrek, bizikidetza demokratiko eta baketsuagoa ekarriko diguna.
  • Bake-prozesua bultzatzeko ahalmena du aldarrikapenak: egoeraren blokeoa ikusirik, eta berriro ere indarkeria-, sufrimendu- eta tentsio-girora itzultzeko arriskuan gaudela jakinik, herritarren borondatea kontsulta bidez adierazteak argitu egin ditzake gure bizikidetza printzipioak eta bidea ireki gure gizarteko bake-, elkarrizketa- eta akordio-nahiak bermatu eta aintzat hartzeko.

 

Adierazpen-proposamena

 

Aipatutako arrazoi horiek guztiak direla eta, Lokarrik (3.213 sinadurek sostengatuta) proposatzen du Nafarroako Legebiltzarrak eztabaidatu, adostu eta onar dezala honako adierazpen hau:

 

Kontsulta integratzailearen aldeko adierazpen instituzionala

 


1. 2008a amaitu aurretik kontsulta integratzailea egitea bultzatuko du Nafarroako Legebiltzarrak.


2. Elkarrizketa-prozesu bat lehenbailehen abiarazteko konpromisoa bereganatuko du Nafarroako Legebiltzarrak, bakearen eta normalizazioaren bidean onuragarri izango den akordioa erdiesteko. Gizarte osoak izan behar du akordio hori berresteko aukera, aipatutako kontsulta integratzailean.


3. Akordiorik lortzen ez bada, Nafarroako Legebiltzarrak hitz emango du kontsulta integratzaile bat egiteko edukiak adostuko dituela. Bakearen eta normalizazioaren alde aurrera egiteko oinarrizko printzipioei buruz nafar herritarrek duten nahia argitzea izango du xede kontsultak; biolentziaren amaiera, elkarrizketa eta akordioa diren printzipioei buruz herritarrek duten ustea argitzea, alegia.


4. Bere Bizikidetza Batzorde Bereziari aginduko dio Nafarroako Legebiltzarrak adierazpen honen segimendua egitea, baita eztabaida (herritarrei irekia) abiaraztea ere. Ganbera horretan bertan aurkeztuko dira gero eztabaidaren emaitzak.

 


Kanpainaren emaitzak