Lokarri

Zer egiten dugu

Lokarrik, jaiotzen den momentutik, martxoaren 18tik aurrera, bakearen eta normalizazioaren alde lan egingo du oinarrizko hiru printzipiotan oinarrituta:

  1. indarkeriarik eza, bizitza eta giza eskubideak irizpide etiko nagusi direla,
  2. inor baztertzen ez duen elkarrizketa eta aniztasuna bizikidetasunaren oinarri dira, eta
  3. herriaren nahia eta printzipio demokratikoak aintzat hartzea politikagintzaren oinarrizko araua da.
Eginkizunak                        Erakundea                        Antolakuntza irizpideak

Eginkizunak

Erakunde soziala den aldetik, lau eginkizun hartzen ditu bere gain Lokarrik:

  • lehenbizikoa, proposamenak aztertzea eta egitea. Horretarako, zorrotz aztertu behar da, une oro, bake prozesuaren egoera; ondoren iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ahal izateko;
  • bigarrena, informazioa eta iritzia eskaintzea. Horretarako, daukan informazioa gainerako eragileei helarazi behar die, eta jendaurrean azaldu bere iritziak;
  • hirugarrena, eskariak planteatu eta behar diren salaketak egitea. Horretarako, etengabe plazaratu behar ditu bere eskari nagusiak, eta salatu egin behar ditu gerta daitezkeen giza eskubideen urraketak edo prozesuaren atzerapausuak;
  • azkenik, behar diren ekimenak eta mobilizazioak bultzatzea. Horretarako, ondo prestatutako ekintzak eta kanpaina ausartak bultzatuko ditu.
Erakundea

Batzar Nagusietan finkatzen du Lokarrik bere jarduera orokorra, Koordinazio Batzordearen bidez koordinatzen ditu erabakiak eta elkarren osagarri diren hiru egitura hauen bidez eraikitzen du bere jarduera: bake eta adiskidetze prozesuaren behatoki soziala, elkarrizketari laguntzeko kanpoko sarea eta, azkenik, akordioaren eta herri kontsultaren aldeko herritarren sarea.

BAKE ETA ADISKIDETZE PROZESUAREN BEHATOKI SOZIALA

Hainbat joeratako zenbait jende ezagunek azterketa eta ikerketa batzorde bat osatuko du, Lokarrik hala eskatuta. Bake eta adiskidetze prozesuaren Behatoki Soziala deituko da batzordea, eta hauxe izango du eginkizuna: bake prozesuaren egoeraz eta bilakaeraz txostena egitea -iradokizun eta gomendioekin- hiru hilean behin. Bost adierazle hauek izan behar ditu kontuan Batzordeak txostena egiteko: indarkeriarik eza eta giza eskubideak, elkarrizketa eta inor ez baztertzea, akordioa eta aniztasuna, herritarren partaidetza eta herri borondatea aintzat hartzea, eta, azkenik, berradiskidetzea eta bake kultura. Jendaurrean erakutsiko da txostena, eta ahalik eta gehiena zabalduko du Lokarrik, gizartean zein politikarien artean, Euskal Herrian zein hemendik kanpo.

ELKARRIZKETAREN ALDEKO KANPOKO SAREA

Elkarrizketaren aldeko sare bat du Lokarrik Euskal Herritik kanpo. Azken 13 urteotan Elkarrirekin harremanik izan duten 30.000 lagunek --Estatu Espainiarrekoek nahiz nazioartekoek- osatzen dute sarea. Lokarriren asmoa sarea mantendu eta zabaltzea da, hiru helburu nagusi hauekin: bake prozesuaren berri ematea; iritziak, iradokizunak eta proposamenak jasotzea, eta laguntza edo lankidetza ekimenak bultzatzea bake prozesua, elkarrizketa eta akordioa babesteko, horien premiarik badagoela uste dugun bitartean. Behatokiak hiru hilean behin egiten duen txostena  bidaliko zaio kanpoko sareari.

Klikatu hemen elkarrizketaren aldeko kanpoko sarean parte hartu nahi baduzu

AKORDIOAREN ETA HERRI KONTSULTAREN ALDEKO HERRITARREN SAREA

Elkarri erakundearen partaidetza komunitateko 150.000 lagun eta elkarteak dira Sare honen euskarria. Guztiak daude gonbidatuta ekimen berri honetan parte hartzera. Sarea handitzeko asmoa du Lokarrik, jende eta talde gehiago biltzekoa, gero eta eraginkorragoa eta biziagoa bihurtzekoa. Nahi duen guztiak har dezake parte Sarean, eta hainbat bide izango ditu jendeak hor jarduteko, norberari hobekien dagokiona hautatzeko. Sareko partaide guztiek izango dute elkarrekin eta Lokarrirekin -zuzenean- harremanetan jarduteko aukera, Internet bidez batez ere. Telefono edo posta bidezkoak ere izan daitezke harreman horiek, edo zuzenekoak (batzarrak, foroak...). Sarearen eginkizun nagusiak hauek dira: partaideak informatuta edukitzea eta elkarrekin harremanetan jartzea, eta partaidetza hori mobilizatu eta sustatzea. Bake eta adiskidetze prozesuaren Behatoki Sozialaren txostena jasoko dute Sare horretako partaideek, eta Lokarrik hiru hilean behin deituko dituen mobilizazioetarako gonbita ere bidaliko zaie.
Klikatu hemen akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarean izena emateko

 Antolakuntza irizpideak
Bi ardatz nagusi ditu Lokarriren proiektuak, eta horiek gabe ez luke zentzurik izango: batetik, erabakitzeko erabateko autonomia eta bere jarrerak finkatzeko iritzi independentzia; bestetik, herritarren sarearen aniztasuna, ekimenen zeharkakotasunarekin batera. Horiek oinarri dituela, lau irizpide hauek ditu gidari Lokarriren jarduerak: lehentasuna eta osagarritasuna, autoeraketa eta sareko funtzionamendua, diskurtso propioa eta komunikazio autonomia, eta, azkenik, zorroztasun eta autonomia finantzarioa.

  • Lehentasuna eta osagarritasuna. Akordio plurala eta herri kontsulta aldarrikatzea da lehentasuna, baita txosten honetan finkatutako printzipioak ere. Kosta ahala kosta eutsi behar die Lokarrik printzipio horiei, eta horretan saiatuko da. Lehentasun horrekin batera, ekimen soziala eta politikoa elkarrekin uztartzea du helburu Lokarrik, eta elkarrekiko orekan egitea tokiko jarduerak eta orokorrak.
  • Autoeraketa eta sareko funtzionamendua. Eraketari dagokionez, orain arteko antolakuntza sozialeko sistemak eta gaur egungoetarik egokienak uztartzea da Lokarriren asmoa, hau da, autoeraketa asanblearioa eta egungo sareko partaidetza eta komunikazio formulak elkarrekin lotzea. Teknologia berriak eta Internet izango ditu ardatz nagusi Lokarrik zeregin horretan.
  • Diskurtso propioa eta komunikazio autonomia. Ideiak, pentsamenduak, salaketak eta proposamenak sortzeko eta eztabaidatzeko gunea da Lokarri. Horrenbestez, diskurtso propioa izan behar dugu bakea ekartzen laguntzeko, gizartearen gehiengoaren nahia erreferentzia dugula betiere. Diskurtsoaz gain, hura zabaltzeko komunikazio bide propioak ere baditu Lokarrik: Elkarri aldizkaria, gure web orria, aldizkari elektronikoak, SMS mezuak, argitalpen monografikoak, kanpainak, agiriak, prentsaurrekoak, ekitaldi publikoak... Komunikazio bide horiek guztiak erabiliko ditu Lokarrik.
  • Zorroztasun eta autonomia finantzarioa. Zorroztasuna eta soiltasuna izango ditu irizpide nagusi Lokarrik gastuei dagokienez, baita funtzionatzeko modu propioa ere. Zorroztasuna izan behar du lagun gure erakundearen sormenak; alegia, baliabide gutxirekin gauza asko egiteko gai izan behar dugu. Gastatzeko zorroztasunarekin batera, diru sarrerak izateko irizpide bat ere behar dugu: autofinantziazioa. Geure baliabide ekonomikoez baliatu behar dugu batez ere, hori baita gure independentzia bermatzeko ezinbesteko bidea. Bazkideak dira, horrenbestez, gure proiektu bideragarritasunaren eta Lokarriren autofinantziazioaren bermatzaile nagusiak, erakundearen euskarria.

Zerikusia duten edukiak

Bake prozesuaren postontzia

Elkarrizketaren aldeko kanpoko sarea